Athleticeri aldats gora ipini jako kopa txapelketako lehen kanporaketea. Esan beharrik ez dago, 1-0eko emaitzea ez dala onena itzuliko partidurako, are gitxiago Balaidosen jokatutako partidua ikusi eta aztertuta. Ernesto Valverderen taldeak irabazi egin behar dau San Mamesen eta gol biko aldeagaz ganera. Edozelan be, nabarmen-tzekoa da kanporaketearen erdia jokatuta, Celtak Athleticek baino gol bat gehiago sartu dauela. Luis Enriqueren taldeak aurrea hartu deutso Valverdenari, bai, baina bien arteko aldea gol bakarrekoa da. Ez daigun ahaztu, ganera, bigarren partidua San Mamesen jokatuko dala. Aduriz eta enparauek gol bat sartu ezkero, galiziarren aldea ezebezean geratuko litzateke. Kopa txapelketako lehen kanporaketea Katedralean erabagiko da eta hurrengo faserako txartela eskuratzeko bidea apur bat okertu bada be, Balaidostik ekarritako zamea ez da hain astuna. Athleticek San Mamesen erakutsi dau aurten bere arpegirik onena eta gauza da Celta kanporatzeko.
Partidu baten azterketa egiteko orduan, azken emaitzak eragin itzela eukiten dau eta Athleticek galdu egin eban Vigon. Edozelan be, Balaidosko bedartzan garbi geratu zan talde zuri-gorria aurkaria baino gehiago dala. Ernesto Valverderen taldeak lan ona egin eban lehenengo zatian baina ez eban saririk jaso, ate aurrean ez ebalako asmatu. Balaidosko lehenengo zatia Athleticek etxetik kanpo aurten egin dauen onena izan da. Bigarrengoan, etxeko taldea gehiago izan bazan be, ez dogu ahaztu behar Celtak sarturiko gola Athleticek oparitutakoa izan zala. Zuri-gorriek ez eben galtzea merezi izan.
Athleticen eta Celtaren estadistikak aztertuta eta bien jokatzeko estiloa ikusita, garbi dago abenduaren 19an San Mamesen jokatuko daben partidua ikusgarria izango dala. Zuri-gorriek zazpi partidu jokatu ditue Katedralean denporaldi honetan eta inoiz ez dira golik sartu barik geratu. Ganera, Valentzia eta Bartzelonaren aurkako partiduak kenduta, Valverderen mutilek gol bat baino gehiago sartu dabe. Bitxia bada be, Luis Enriqueren taldea da Bilbon gol gehien jaso dituena. 3-2 nagusitu ziran etxekoak San Mames barrian jokatutako lehenengo lehian. Beste alde batetik, Celtak etxetik kanpoko partiduetan dituen estadistikek errespetua eragiten dabe. Luis Enriqueren mutilek zazpi bider jokatu dabe etxetik kanpo denporaldi honetan eta Getafen izan ezik, beste sei partiduetan golen bat sartu dabe. Bost La Rosaledan, hiru Anoetan, bi Benito Villamarinen eta San Mamesen eta bana Vicente Calderonen eta Sanchez Pizjuanen. Halanda ze, abenduaren 19an San Mamesen jokatuko dan itzulerako norgehiagokak osagarri bikainak ditu. Esan beharrik ez dago kopako partiduek zapore berezia izaten dabela Katedralean.
Kopatik Ligara jauzi egiteko, Athleticek Sevillari kopako finalaurrekoetan 3-0 irabazi eutsan partidu ederra ekarri behar dogu gogora, zuri-gorriek Sanchez Pizjuanen jokatuko dabe-eta datorren domekan. Del Nido, Sevillako presidente ohia izan zan protagonistea orduan, lehoiak iruntzi ezinik geratu zalako, eta bera dogu albiste orain be, kartzelarako bidean dogu-eta. Zazpi urteko kartzela zigorra bete behar dauela-eta Del Nidok itxi egin deutso Sevillako presidente izateari, karguan hamaika urte egin ostean. Ez dakit zein eragin euki leiken albisteak datorren domekan Sanchez Pizjuanen jokatuko dan partiduan baina Athleticek aukera bikaina dauka hiru puntuak eskuratu eta balizko aurkari bat urruntzeko. Azken partiduetan erakutsitako sendotasunari eutsi ezkero, zuri-gorriak ez dira esku hutsik itzuliko Nervionetik.