PRESINO barik ekin eutsan Athleticek Bartzelonaren aurkako partiduari. Malagan irabazita, ezelango premina barik zelairatu ziren Valverderen gizonak munduko talderik onenetarikoaren aurkako norgehiagokan. "Ia puntutxu bat eskuratzen dogun" esan eusten askok partidua hasi aurreko orduetan eta egunetan. Normala da Bartzelonaren aurka jokatu aurretik puntu bat ontzat emotea, aurreko hogei partiduetan zuri-gorriak ez ziran gauza izan-eta blaugranak mendean hartzeko. Martinoren taldea denporaldiko lehen partidua galtzetik etorren eta Messi barik, ganera. Kontuak kontu, Athletic zaleak itxaropen-tsu gengozan lehia hasi aurretik. Jesus Mari Beti Duñabeitiaren omenez gordetako minutu bateko isilune hunkigarriak ondo berotuta itxi zituen zaleen bihotzak.

Ernesto Valverdek garbi eukan zein zen bidea Bartzelonari irabazteko aukeraren bat izateko. Hasteko, intentsidade itzela sartu partiduari lehen minututik eta baloia lehenbailehen kendu aurkariari. Horregaz batera, baina, ezinbestekoa zan baloia berreskuratuta eragingarri izatea aurkariaren atera begira. Sarritan teoria argi euki arren, gatxa edo ezinezkoa izaten da praktikara eroatea, are gehiago aurrean Bartzelona lako aurkari indartsua izanda. Domekan, baina, Athleticeko jokalariek ito egin eben aurkaria. Geure betiko Athletic ikusi genduan, betiko armak erabilita. Lehoiek iruntzi egin ebezan Neymar, Iniesta eta enparauak, arnasa hartzeko astirik be emon barik. Ezin jako gehiago eskatu taldeari.

Lortutako hiru puntuak garran-tzitsuak izanda be, Bartzelonaren aurka lortutako garaipenak balio erantsia dauka. Athletic zale guztiok harro urten genduan Katedraletik. "Kontuz gure taldeagaz, edonori irabazteko gauza da-eta" pentsaten genduan. Orain inor gitxik itauntzen dau zertara joka-tzen dauen Valverderen taldeak edo merezitakoak baino puntu gehiago dituela. Aspaldiko urteetan Athletic ez da hain goian egon Liga txapelketako sailkapenean eta ametsetan hasteko leiho guztiak zabal-zabalik dagoz. Gero, gerokoak.

Lau partidu geratzen dira lehen itzulia amaitzeko -Sevilla, Rayo, Reala eta Almeria- eta Athletic sailkapeneko laugarren postuan dago. Hamabost jardunaldi jokatuta, Bartzelonak, Real Madrilek eta Atletico de Madrilek bakarrik eskuratu ditue zuri-gorriek baino puntu gehiago. Ikaragarria da. Hori gitxi balitz, garbi dago taldea hazten doala, bere errendimendua gero eta hobea dala. Beraz, itxaropentsu egon gaitekez etorkizunera begira. Ligako lehen zatian, atzealdeak zalantza ugari sortzen ebazan. Balentziaga errekuperau ostean, Laporte bere-berezko postura itzuli da eta atzealdea nabarmen hazi da. Zalantzak ezebezean geratu dira. Erdialdeari jagokonez, Valverdek esperimentu asko egin behar izan ditu formula zuzena eta eraginkorrena aurkitu arte. Bilaketea amaitu da. Iturraspe itzel dabil aspaldi honetan, Mikel Ricok ederto lagunduta. Matienakoaren errendimendua ikusita, batzuk hasi dira Espainiako hautatzaileari deika. Pentsa leiteke La Roja gaz jokatzea dala edozein jokalariren helburu nagusia. Bestalde, Ander Herrera eta Iker Munianen errendimenduak hobekuntza ikaragarria euki dau azken jardunaldietan eta taldeak asko eskertu dau eta eskertuko dau, talentu handiko jokalariak dira-eta. Ez dot Markel Susaeta ahaztu gura. Eibartarra laban zorrotza da hegaletik. Eta guzti hau, Beñat Etxebarria, De Marcos eta Aritz Aduriz barik. Gaur egun oso garesti saltzen da Athleticen titular izateko txartela.

Mundua ez da amaitu Bartzelonari irabazi ostean eta Kopa txapelketeari ekingo deutso Athleticek zapatuan Celtaren aurka Balaidosen. Luis Enriqueren taldea ez da aurkari erraza izango. Kopako finalaurrekoak jokatu zitue Athleticek Valverderen eskutik. Urrunago heldu gura dau aurten.

Besarkada handi bat Athleticeko emakumezkoen taldearentzat. Eutsi goiari neskak!