ATHLETIC indarbarrituta eta aberats itzuli da Malagatik jekearen taldea mendean hartuta. Lehen itzulia amaitzeko bost jardunaldiren faltan Ernesto Valverderen taldea sailkapeneko bosgarren postuan dago hogeitasei puntu eskuratuta. Txapeldunen Ligako postuak puntu batera ditu eta atzetik datozen taldeek sei puntu gitxiago daukie. Zenbakiak bakarrik aztertuta, Athletic denporaldi itzela egiten dabil. Aurreko urteko lehen hamalau partiduak jokatu ostean, orduan Marcelo Bielsak zuzentzen eban taldeak hamaika puntu gitxiago zituen. Esan beharrik ez dago Athletic hautagai sendoa dala datorren denporaldian Europan egoteko.
Hiru puntuez ganera, Malagaren aurkako partiduak beste gauza positibo asko ekarri deutso Athleticeri. Hasteko, merezi dauen neurrian baloratu behar da Gurpegi eta Aduriz barik jokatu eta irabazi izana. Izan be, jokalari bi honeek sekulako pisua daukie taldean. Ernesto Valverdek ezustean harrapatu gintuen hasierako hamaikakoagaz, batez be, Susaeta ordezkoen aulkian itxita eta Herrera eskuen aldetik zelairatuta. Esperimentuak ez eban ondo urten. Aurkariaren jokoa nahiko ondo kontrolatu arren, Athleticek ez eukan hegalik ezta erasoko jokorik be. Hori gitxi balitz, barriro be erraztasun handiak emon eutsozan aurkariari markagailuan aurreratzeko. Itxura txarra hartu eban partiduak. Erre-akzioaren zain geratu ginan guztiok bigarren zatirako. Kontua zan, gauza izango ete zan Athletic San Mamesen sarritan egin dauena La Rosaledan errepikatzeko?
Valverdek, lehenengo zatiko esperimentua beste egun baterako itxi eta garaipenaren aldeko apustu sendoa egin eban Susaeta zelairatu eta Herrera eta Muniain ohiko lekuetan ipinita. De Marcosen sarrereak be indartu egin eban zuri-gorrien jokoa. Athleticek mendean euki eban aurkaria bigarren zati osoan. Iturraspe jaun eta jabe zen zelai erdian eta Ander Herrerak ederto zuzendu eban erasoko jokoa, Muniainek lagunduta. Ernesto Valverderentzat oso albiste ona da jokalari bi honeek sasoiko agertzea taldeak igarri egiten dau-eta. Bitxia bada be, Bielsak erabilten eban erdialdeagaz menderatu eban Athleticek Malaga. Iturraspe, Herrera, De Marcos hirukotea barrutik eta Muniain eta Susaeta hegaletatik. Bigarren zatiko joko erasokorra eta jokalarien jarrera irabazlea ikusita, inor gitxik gogoratzen eban denporaldi honetan etxetik kanpoko partiduetan emondako itxura eskasa. Ondorio positiboekaz jarraituta, nabarmentzekoa da zuri-gorriek erakutsitako sasoi fisiko bikaina. Schusterren jokalariak ezinean ibili ziren lehoien indarrari eta garaipen goseari aurre egiteko.
Espainiako Liga txapelketako zein munduko talderik indartsuenetarikoaren aurka jokatuko dau Athleticek hurrengo jardunaldian. Zuri-gorrien zenbakiak onak badira, Tata Martinok zuzentzen dauen taldearenak ikaragarriak dira. Hamalau jardunalditan hamahiru garaipen eta bardinketa bat lortu dauz Bar-tzelonak. Halandabe, partidua San Mamesen jokatuko da eta Katedrala gotorleku gogorra da. Ganera, Ernesto Valverderen gizonek egoera ezin hobean ekingo deutsoe partiduari. Athletic sailkapeneko goialdean dago eta hogeitasei puntu ditu. Hau da, zuri-gorriek ezelango premina edo presino barik ekingo deu-tsoe Neymar eta enparauen aurkako partiduari. Seguru nago domekan ikuskizun ederraz goza-tzeko aukerea eukiko dogula San Mamesen.
Hori bai, garaipenak ez dauz estali behar erakutsitako hutsuneak. Valverdek berak aitortu dau taldeak askoz hobeto jokatu leikela. Vicente Calderonen gertatu zan lez, Athleticek jokalari bat gitxiagogaz egoala jaso eban gola.
Ganera, goleatzaileak ez eban ezelako oztoporik izan errematea egiteko. Argi euki behar dogu Bartzelonaren aurka edozein huts-egite oso garesti ordainduko dogula.