bizi gaituzten garai hauetan bizitza pribatua eta publikoaren mugak lausotu egin dira.
Telebista piztea besterik ez dago hori horrela dela ikusteko. Zaborrenek kaletar arruntak eramaten dituzte euren bizitzak -porrotak agerian, gehienetan- kontatu eta aletzera. Areago, beste zenbaitetan, adiskidetzeak ahalbideratzen dira, eta gizakion balizko ontasuna erreta ageri da fokuen pean, merkaturatzeak alferrikako bilakatzen baitu ukitzen duen oro.
Pornografia sentimentaleko programak deitzen diet nik, haragia gai izan beharrean, sentimenduak baitira.
Gay jendeak asko daki honetaz. Armairutik ateratzea gure bizitza pribatuari dagokion ezaugarri bat -gure aukera sexuala- publiko egin beharra baitaukagu gure identitatea eraikitzen hasteko. Egia da egiten ez dutenek ere lortzen dutela identitate gaya baina beharbada aurretik egindako lanari zor zaio hori.
Vocento taldeak Aitzol Asurtza New Yorkeko Euskaletxearen presidentea gay bideo pornotan aritu zelako berria argitaratu zuenean ez zen xalo-xalo ari, edo homosexualitatea defendatzen, edo besterik gabe- haiek argudiatzen duten moduan- berri neutro bat ematen. Kargua eta lanbidea lotu zituenean arbuio guztia nabari zitzaien. Ez dago eztabaidatu beharrik ere, batak ez du bestea kentzen: irakasle aritzea baino deigarriagoa bada ere, pornoan aritzea beste lanbide mota bat baino ez da.
Presidenteak, jakina den bezala, dimititu egin du. Ez dago argi zer gertatu den. Izagirre Donostiako Alkateak bidalitako bideoa jartzeko tenkortu zelako izan bazen, Urkulluren txikikeria politikoaren adierazle iruditzen zait; aktore pornoa izateagatik dimitiarazi badiote, faltsukeria morala; benetan denborarik ez duelakoz(sic) dimititu badu, bejondeiola.
Vocentoko egunkariei dagokienez, zabaltzea besterik ez dago: prostituzio iragarkiez beterik daude hainbat eta hainbat orrialde. "Elizaren aldeko hainbat egunkarik prostituzioaren praktika bultzatzen du" titularrari, zer iritziko genioke? Lekuz kanpokoa? Xaxatzailea? Gezurra? Eskandalagarria? Benetakoa? Hiperbolea? Ba hori...