Swis machine
Gizakia nimiñoa da, gauza ezdeusa. Baina bere ahalmena infinitua da, bestelako dimentsioa hartzen duten oztopoen kontra neurribakoa, anitzetan bikoiztu egiten zaiona.
Badira pertsona berekoiak, gezurteroak eta fartsanteak, faltsuak eta hipokritak, perbertsoak eta zinikoak (gehienak), eta badira kalibre handiko pertsonak, isilak, arinak, koherenteak, baketsuak, sinpleak direnak. Estereotipoak halakoxeak izaten dira.
Badago mundu bat gizakiarentzat arrotza dena, alturaren mundua, hotza eta elurraren mundua; hori gaindimentsionaturik dauden mendiena da: Himalaia. Eta horra energia bitala dezente duten gizaki sinpleak eta ezdeusak ere badoaz.
Hango mendi-gainak izerdi lodiak bota ostean igo izan dira beti. Mendia, eraso luzeak eta senperrenak eginda meneratzen zen, bere azken puntu hura, troposfera ia hasten den toki efimero hura ukitzeko, zapaltzeko eta munduaren handitasuna begiztatzeko eta baieztatzeko.
Espedizio erromantikoak ziren mendearen hasieran antolaturikoak, eta urteen joan-etorrian modelo horri jarraitu izan diote askok, balizko modu hura bakarra zelakoan. Baina mundua ez da geldirik egoten, aroak aroen atzetik sortzen dira; haizeteak, euriteak eta elurtzak metatu dira urteen poderioz, eta desmetatu ere bai, eta gizakiengandik beste gizaki berri ba-tzuk ere sortu dira, mendirako makina grinatsuak direnak.
Annapurna, 8.000 metrokoen artean, eta estatistika guztien arabera, mendirik hilgarriena, arriskugarriena da. Igoera gutxi ditu, alpinistak haren beldur direlako.
Guztiak izaten dira beldur bat izan ezik: Ueli Steck. Gizaki txiki eta indartsu hau, era bakarrean igo du munstroa 28 ordutan. Alturarako fase hori behin burututa, traste guztiak bizkarreratu zituen eta horma zutean gora abiatu zen zituen indar guztietatik tiraka. Ahalegin itzelak errekonpentsa polita izan zuen. Gauez heldu zen tontorrera, bakarrik, beste inor inguruan, beste ezer ez, izarrak lagun. Hurrengo egunean behean zegoen berriz adiskideak besarkatzen.
Mendi digante horiek txikiagotu ditu Swis machine honek.