Liburuez
GARAI baten gurtzeko moduko objektu miragarriak balira bezala gordetzen nituen liburuak etxean. Ale bakoitzak leku bat behar zuen, berea, nire irizpideen arabera finkatua, liburuak zegokien tokian zeudela jakite hutsak nire inguruari zentzua ematen zion eta. Etxeko liburutegiak nire bizitzaren kartografia islatzen zuen, nork bere kaos berezia behar izaten baitu orekan bizitzeko. Bizi izandako une bakoitza islatzen duen libururen bat daukat, garai, min eta plazer bakoi-tzarekin lotzen dudan istorio, pasarte edo pertsonaiaren bat.
Gaur egun lausoagoa da antolamendu hori guztia, baina berbera da liburuei esker lortzen dudan bizitzaren zentzua. Nireak ez ezik, nireak ez diren liburuek ere etxeko apaletan hartu dute beren lekua, alabek neure bizitzari ekarri dizkieten esperientziak ere tartekatu baitira, ezinbestean. Nire herriko eta inguruetako liburutegietako kon-tsumitzaile ohikoa bihurtu naiz. Paperetik pantailarako jauzia egin dut, eta ez derrigortuta gainera, euskarri berriaren abantaila handiez ohartuta baizik. Nire liburutegia handitu egin da artez eta moldez, eta berarekin batera, nire bizi-tzaren geografia zabaldu eta osatu egin da.
Frankfurteko Liburu Azokatik itzuli berri den adiskide batek esan dit harrituta geratu dela aurtengo edizioan krisiari buruz gutxiago hitz egin delako. Gainbehera definitiboa iragartzen zuten aztiek toki txikiagoa izan omen dute, eta horien ordez, sormenari hauspoa eman nahi dioten ideia berriek oihartzun zabalagoa lortu ei dute. Krisiak mapa guztiak itxuraldatu ditu, baita liburuarena ere, eta industriaren kontinente handietatik kanpo, sormenaren uharteetara eraman gaitu. Badira espezializaziora jo duten argitaletxe txikiak, auto-edizioaren prozesua findu dutenak, euskarri eta eskaintza berriak, eta baita hizkuntza txikietan irakurle-kopurua handitzen ari direnak ere. Liburua ez da hil, dio nire adiskideak, eta gaixotasun larri baten ondoren berpizteko moduak aurkitzen ari da.
Bera harritu egin da, eta ni poztu. Inozoegi izan gabe, inozoa izan nahi dut horretan, zinez uste baitut liburuek bizigarriago bihurtzen dutela norberaren bizitza.