Aurreko larunbatean, urriaren 12an, milaka pertsona atera ziren kalera Katalunian, lurralde hori Espainiaren barruan mantentzearen alde. Gehiengo isilaren isla omen da. Izan ere, gehiengo handi bat omen dago Katalunian haien etorkizuna erabakitzearen eta, horren ondorioz, herrialde independente bat sortzearen kontra, antolatzaileen arabera. Alabaina, irudiak ikusi ondoren, nekez esan liteke halakorik, kalera irtendakoak irailean antolaturiko giza katearen inguruabarrean parte hartu zutenak baino askoz gutxiago izan baitira. Nolanahi dela ere, batzuek eta besteek kalean erakutsi dezaketen indarra ez da erabakigarria, nire ustez.

Gakoa herri bakoitzak bere etorkizuna erabaki ahal izateko eskubidea aitortzea eta herritarrek demokratikoki erabakitakoa heldutasunez onartzea da.

Herritarren nahia lurralde independentea eratzea baldin bada, bide horretan urratsak egiteko eskubidea onartu beharko luke Espainiak, inolako itzulingururik eta trabarik gabe. Edozelan ere, lurralde independentea eratzea herritarrek izan dezaketen aukeretako bat da, beste batzuekin batera. Erabakitzeko eskubidea onartu ondoren, Espainiarekin orain arteko lotura mantentzea, beste era bateko harremana hezurmamitzea edo independentziaren bidea jorratzea izan daitezkeelako begi-bistan egon daitezkeen aukerak.

Espainiak barnebiltzen duen aniztasuna ezin kudea dezake zentralismoaren bidetik, ez eta lege eta arauen bidez erkidegoetako eskumenak birrinduz edota ezerezean utziz. Tokian tokiko errealitateei bizkarra emanez, egongo ez balira bezala jokatuz, Espainiaren batasuna ezin manten liteke, luzaroan. Aitzitik, arrakalak eta pitzadurak geroz eta handiagoak izango dira.

Nazioaren lurralde bati buruzko erabakia hartzea espainiar guzti-guztiei dagokiela diote Espainiako batasuna mantentzearen alde daudenek. Alabaina, argudio hori iruzurra da, bai baitakite Kataluniako eta Euskadiko herritarren borondatearen gainetik zein azpitik, beste batzuen borondatea dela kontuan hartu eta lehenetsiko dena. Noranzko horretan tema-tzeak aterabiderik ez eskaintzea eta arazoa iraunaraztea ekarriko du, aurreratu ezin litezkeen ondorioak ekarriz.

Espainiak beste irtenbide bat du: erabateko gehiengoz erabakitzen duten erkidegoei herritarren borondatea zein den jasotzeko asmoz, aldi baterako herri-galdeketa egiteko eskumena uztea, elkarrekin baldintzak adostuz. Halaber, herri-galdeketa horren emaitza zeinahi dela, den-denek errespetatzeko eta bideratzeko konpromiso irmoa erakutsi beharko lukete. Horixe da bidea, guztiz demokratikoa dena, mehatxuak, harrokeriazko jarrerak eta inposizioak bazterrean utzita. Horixe da, hain zuzen, Erresuma Batuko lehen ministroak Eskoziari eskaini dion bidea.

Hortxe ikusi nahi ditut Espainiako alderdi nagusiak, bai eta, erkidegoetan indarra dutenak ere, auziak demokratikoki erabaki daitezen pedagogia egiten eta horrexetara konprometitzen. Norberarena inori inposatu gabe, ez eta herri bakoitzak bere geroa erabaki dezan eragotzi gabe.