Aurreko astean ireki eta abenduaren bukaeraraino, Bizkaiko Foru Aldundiaren Liburutegi Nagusian "Bizkaia Emakumeen Begiradan" izeneko erakusketaz gozatu ahal izango da. Erakusketaz gain, liburuki ederra osatu BFAren Kultura Sailak Escritores Vascos elkartearen laguntzaz. Bertan, Dora Salazarren 50 pintura lanek eta 10 idazleren testuek deskriba-tzen dute Bizkaia. Salazarren lana, berak esan bezala, argazkia oinarri duen pinturan burutu da. Hamar idazleen lanak, estiloz eta gaiari dagokionean libre, bakoitzak bere herriaz edo bere eskualdeaz duen oroitzapen, sentimendu, bitxikeria edo deskribapen saiakera hunkigarriak dira.

Baina badator kazetaria, emakumezkoa (erakusketaren aurkezpen egunean), eta zera diost: ea zergatik 10 idazleak emakumezkoak diren uste dudan. Eta nire eran-tzuna: erabakia ez dela idazleona izan. Galdetzeko antolatzaileei. Baina baloiak saretik kanpora bota-tzea ez zaidanez sekula gustatu izan, zera gehitzen dut: "Uste dut emakumearen begirada ezagutu nahi zela probintzia honen gainean. Gizonarena ezaguna baitzaigu. Zuk ez al dituzu gizonezkoek deskribatutako begirada horiek ezagutzen?" Kazetariak, grabagailua itzali eta alde egin dit.

Gero badator beste kazetari bat. Gizonezkoa hau. Eta hark, nire testuarekin zer komunikatu nahi izan dudan galdetu dit. Gogotsu azaldu diot: nire herriaren ezaugarriekin nola jokatu dudan, umetatik gogoratzen dudanaren eta orain bizi dudanaren arteko zubia, ur gaziaren eta gezaren arteko enkontruaren esanahia? Kazetaria mut gelditu da. Erreakziorik gabe. Grabagailua martxan. "Horixe da nik transmititu nahi izan dudana" esanaz azkendu dut. Eta berak: "Noski, hori da zuk diozuna". Eta grabagailua itzali du.

Zera erabaki dut: komunikabideek euren albisteetan (argazkietan, testuetan, irudietan) emakumezkoaren kuota igotzen ez duten bitartean, tankera honetako galderei gehiago ez erantzutea.