Síguenos en redes sociales:

Sentikaria

HITZA ez nuen ezagu-tzen, baina irakurtzean halako atzerako bat eragin dit. "Senti" erroaz eta "kari" atzizkiaz -maiztasuna "aldizkari", "egunkari" hitzetan bezala- osaturik dago. Neologismoa izanik, jatorria arakatu dut. Inork ez dit argitu esaten orain berri-tsukoa ote den, ala Ez dok hamairuk asmatua (halaxe iradokitzen da Wikipediako sarreran. Duda egiten dut, dena dela) edo Henry Bengoa Inventariumaren harira sortua. Berrietan, hala ere, argi gelditzen da hitz horren babespean antolaturiko ikuskizunak ikuslearengan sentimenduak eragiteko gauza direla, eta artelantzat jotzen direla.

Sentimenduak eta artea, ai ene!

Damasio neurobiologoaren arabera, emozioek eragiten dituzten gorputz-aldaketak garunean isla-tzen dira; eta isla horiek dira sentimenduak. Gure burua mehatxaturik ikusten dugunean, hainbat hormonen isurketa eragiten da, hortxe emozioak; hormonak garunera ailegatzean sortuko den islari beldur sentimendua esango diogu. Sentimenduak, hortaz, askotarikoak izan daitezke, eta ia edozein estimuluk sor ditzake.

Artea, bestalde, (bizirik baldin badago, noski) plazer estetikoaren bidez mundua ikusteko modua aldatuko digun lana, esperientzia edo dena delakoa da. Eta, Historian gertaturiko hurrenkeran, ontasunera, Jainkoarengana, ezagutzara edo bizitzara hurbiltzen gaitu.

Beste kontu bat da ikuskizun horiek eragiten dituzten garuneko isla horiek gure mundu ikuskera eraldatuko diguten. Izan ere, ia edozerk eragin ditzake sentimenduak: Salvametik hasi, albistegietako berri batekin jarraitu, lagun baten -demagun- gaixotasunarekin segitu eta egunkaria irakurtzearekin bukatu. Eta, hala ere, inori ez li-tzaioke bururatuko horiek artelantzat jotzea. Sentimenduak eragitea, ondorioz, ez da artelana izatearen berme. Alderantziz, esanen nuke. Hortaz, orrialde hauetatik zera gomendatzen zaio -umildade handiz, hori bai- idazle jendilaje, artista tropel, Bertsolari Leinuargi zein kulturkillo abarrei: baga, behin izendaezina izendatzera paratuta, "sentikaria" hitza barik "gorenkaria" erabiltzea; eta, biga, sentimendurik ez, faborez, arren, otoi. Ez gaizto, ez on, ez demonio. Bat-ere-ez.