Síguenos en redes sociales:

CAN

AURREKo ostegunean, hilak 26an, CAN: El gran asalto mustu dute La Bolsa aretoan (Bilbo). Dokumentalak, lapurreta, adiskidekeria eta axolagabekeria bide, Nafarroako Kutxaren patrimonio galera itzela salatzen du. Osten zutelakoak ez nau gehiegi harritu, ikusten zitzaien. Haien adiskide eta kideei prebendak banatzen zizkielakoak, ez eta ere. Koadrila bat zirela, hainbat enpresetan kokatu, eta bata bestea laguntzen zutela, gutxiago. Merkatua baino baxuagoko interes tasetara lortu zituztela kredituak senideendako, haien etikaren araberakoa iruditu zait. Besteak gezurra esateaz akusatu, eta haiek gezurra barra-barra erabiltzen zutela, Gobernuan zeundenetik igartzen zitzaien. PSNko hainbat eta hainbat UPNkoak bezain kakazturik zeudela, argi zegoen PSNko jende triste hori ezaguturik.

Harritu nauena -bueno esate bat dah haien asmo megalomanoak izan dira. Dokumentalaren zatirik bitxi eta esanguratsuena CAN mundura zabaltzeko ahalegina deskribatzen denekoa da. Enrique Goñiren gidaritzapean CAN bulegoak zabaldu eta zabaldu hasten da sukarrak jota bezala. Madrilen, esaterako, 2005. urte inguruan, edonon aurkitzen zenuen CANen bulego zuri-gorri -nola ez- minimalista horietako bat. Eldarnioak Washingtona eramango ditu. Bertan, Urdangariñen eta Infantaren laguntzaz bulegoa irekiko dute, bankugintzan aritzeko baimenik gabe, hori bai, baina horrek, ez zuen ardura.

Uste dut, datu horrek, ezerk baino hobe islatzen duela gobernuan egon diren nafar politikarien eitea: arlote konplexuz jositako aberats berriak; eta konplexua potroekin gainditzen saiatuko dira (Nafarroaren potroak izendatu zituen foroak behin UPNko politikari batek).

Politiko nafarrak ongi asko dakite ez dutela egindakoagatik pagatuko. Genetan daukate. Nafarroan lehertu zen 36ko guda (oso atzera joan naiz, bai). Eta fusilatu zuten jendeagatik ez haiek ez haien oinordekotako inortxok ere ez du ezer pagatu, ez eta damu arrastorik apurrena ere erakutsi. Guda berez sortu zen, eta Frankismoa gertatzen ari zenarekiko erantzunik hoberena izan zen. Eta hori, gizarte nafarraren baitan -ez bakarrik, hala ere- oso barneraturik dago. Horren aurrean kutxa bat deskapitalizatzea tontakeria da. Zergatik eskatuko dute barkamena?