HAINBESTE gezur esaten ditugu egunean zehar, egia esatean egia dela azpimarratzeko beharra ikusten dugu. Hau benetan esaten dut, orain bene-benetan ari naiz, eta horrelakoak botatzen ditugu, aurretik esan dugun guztia gezur bezala agerian geratzen dela konturatu barik. Baina hala da. Estatistikak maite dituztenentzat ariketa interesgarria izan daiteke egunean esaten ditugunen artean gezurrak zelako portzentajea eramaten duen jakitea. Batek baino gehiagok ezustekoa eramango du. Gezurti bat naiz!, egingo du agian oihu, eskua ahora eramanda, ispiluari begira, bere burua errekonozitu ezinik.
Eta kasu bakoitza begiratuta konturatuko da zenbat alditan salbatzen gaituen gezurrak. Itsas erdian botatako flotagailua da gezurra. Eskerrak gezurra existitzen den, mundu hau jasangai-tza izango litzatekeelako denek egia esango bagenu eguneko 24 orduetan. Gezurra esaten dudan bakoitzean elkarbizitzari mesedea egiten diodala pentsatuz barkatzen diot bekatua neure buruari. Gezurra esatea, askotan, edukazio oneko pertsona izatea da. Gezurraren armarik gabe, azken urteetan asko zahartu eta loditu dela esan beharko genioke kalean aurkitutako aspaldiko lagunari; bere obra ez zaigula ezertxo ere gustatzen esan beharko genioke aurkeztu diguten artistari; edo egin diguten oparia benetan itsusia iruditzen zaigula; gezurrik gabe, mina egin dezakegu eta mina egin ahal digute.
Nire amak esaten duen moduan, badago mundu honetan jende mota bat "beti benetan" dabilena. Amak diona ez dago hainbeste gezurrarekin erlazionaturik, dena serioegi hartzearekin baizik. Zoramenari, umoreari, norbere buruari barre egiteari tarterik utzi gabe. Eta bai kasu batean zein bestean, ez daukat dudarik mundu honetan beti benetan ibiltzea guztiz kaltegarria izan daitekeela, norberarentzako eta inguruan ditugun guztientzako. Esan, beraz, gezurra lasai, munduari mesede egiten diozula pentsatuta. Ziur norbaitek eskertzen dizula.