Isilduen izenean
GAUZAK etxe barruan garbitu behar zirela esaten zuten herrikoek, inork ez zuela hango berria zehatz-mehatz ezagutzen, ezta ezagutuko ere, hainbeste denbora igaro eta gero. Behin guztia amaitu zenez gero, gauzak zeuden moduan uzteko esaten zuen herriko jende hark etsipenez, eta bazterrak harrotzera zetozenak zeharka zelatatzen zituzten bitartean, eguneroko bizimodua egiten ahalegintzen ziren.
Txikitan, aiton-amonen herriko etxera joaten nintzen uda pasatzera, eta askotan entzuten nituen beren solasaldiak, herriko adiskideekin elkartzen zirenekoak. Haur bat aurrean duzula erabiltzen den hizkera bereziarekin moldatzen ziren hizketan, gauzak esan gabe esanez, hitz egin gabe guztia adieraziz. Gerrari ez zioten sekula gerra deitzen, "ordukoa" edo "hura" esaten zuten; hildako eta desagertuen izen-abizenak ahaztu izan balituzte bezala aipatzen zituzten, bizitzatik ez ezik, memoriatik ere erauziak izan zirelako. Gerrakoaz eta gerra ondorengoaz gehiegi ez hitz egitea komeni zela esaten zuten, eta urte batzuetan delako gerra hura sorginkeria modukoa izango zela pentsatu nuen nik, edo Gauekoaren pareko izaki miragarri bat, aipatuz gero desagertu egingo zena.
Elkarrizketa horien zantzuak gorde ditut nik, ez haien osotasuna eta beraz, ezin dut esan zehatz-mehatz halaxe gertatu zirenik. Artean ume mokoa nintzelako ahaztu ditut xehetasunak, eta arrazoi berberarengatik gogoratzen dut. Gerora jakin dudanarekin osatu ditut solasaldi horietako hutsuneak, eta adibidez, orain badakit zergatik ez ziren izen batzuk aipatzen, eta zergatik isilune horiek eztarriko korapiloa estutu egiten zuten. Eta badakit zergatik ez ziguten kanposantu ondoko zelaietara jolastera joaten zuten, eta zergatik hara begiratzen zuenean amonak gurutzearena egiten zuen.
Joan den astean Argentinako Servini de Cubria epaileak frankismoaren garaiko basakeriak aztertuta lau pertsona atxilotzeko agindua eman du, Justizia Unibertsalaren izenean, eta baita aiton-amonen herrian aipatzen ez ziren gizon-emakume horien guztienean ere.