LEKU oso turistiko batean bi urtez, ez turista moduan, jakina, bizi izan ondoren, desagertu zitzaizkidan turismoaren kontra nituen aurreiritzi guztiak. Han urlertu nuen turismoa beste industria bat zela, besterik ez, papergintza edo ontziolak bezalakoa: altzairutegien ordez hotelak zeuden han, industrialdeen ordez bungalowak, eta aurreko paisaia idilikoetan egindako kaltea antzerakoa zela pentsatu nuen azken finean eta, agian, itsusiagagok zirela lantegi belztuak hondartza ondoko eraikuntza koloretsuegi haiek baino. Turismoaz mintzatzeko industria hitza ez dela zehatza onartzen dut, jarduera ekonomiko bezalako hitz apalagoa hobeto egokitzen zaio beharbada.

Garai hartan Euskal Herrian turismoaren kontrako iritzia orokorra zen, batez ere ezker abertzalearen inguruan. Arrazoiak ulergarriak ziren (edo izan zitezkeen), Iparraldean batik-bat, gogoan dut Aberri Egun batean hotel bateko maketa erre zutela Miarritzeko hondartzan. Baina, nola aldatzen diren gauzak kamarada, hamaika ikusteko jaioak gara, o tempora o mores, gaur egun turismoak estatus berri bat lortu du, baita ezker abertzalekoentzat ere (garai berrien seinale?). Gasteizko Udalaren EH Bilduko zinegotzi batek gogor kritikatu du Gasteizko Udalak (PP) eramaten duen politika turistikoa: ez duela hiria jarri zirkuitu turistikoetan, oso datu txarrak lortu dituela uztailean, lan gehiago egin behar dela turismoaren alde eta abar. Ziur naiz Donostiako Udalak (EH Bildu) oposizioan daudenen aldetik kritikak ere jaso dituela. Eta berdin gertatuko da Bilbon (EAJ) eta Iruñean (UPN). Turismoa harro mespretxatzetik turismoa ergel desira-tzera pasa gara urte gutxiren buruan. Guztiok. Salbuespenik gabe. Gainera, gaur egun badakigu geure buruak engainatzen: turismo jasangarria, turismo ekologikoa, abenturazkoa, kulturala, nekazal turismoa, gay turismoa, turismo gastronomiko edo enologikoa, mila purtzilkeria dugu disimulatzeko. ETBko albistegietan minutu gehiago ematen dute turismoaz informatzen (sic) Siriaz baino.

Altzairutegiak eta ontziolak desagertzen ari dira eta zerbaitekin ordezkatu behar dugu, antza.