rikardo Arregik Euskal Herriko surrealismorako joera aipatu zuen aurreko egunean DEIAn argitaratutako zutabean, Bilboko festetako txupineraren aferaren inguruan. Zutabe horretan bertan Nafarroako surrealismoa aipatzen zuen: Euskal Herriko surrealismoaren adar groteskoena, gehitzen dut nik.

Surrealismoak asko irabazten du izenei bere esanahia galarazi eta beste bat txertatuz. Edo esanahi erdipurdiko bat ingelesezko hitz handiusteko batez bataiatuz, ingelesak, jakina da, asko janzten baitu. Ordua mundu bizitzeko azkena coaching hitza erabiltzea da. Botereek sorturiko azken jakintza teknologikoa da coachinga, lehengo elkar konpontzea deitzen zena, bitartekaritza, aholkularitza, baino izen ponposo, ezagutza esoteriko eta txorradaz betea. Jendea "coaching bat egiten ari naiz" hasi da esaten "mortadela bokadilloa jaten ari naiz" esaten duen naturaltasunarekin.

Jakingo duzue Nafarroako osasun sisteman erietxetako sukaldeak itxi, langileak kaleratu eta Mediterranea de Catering enpresari eman zion Nafarroako ospitaletan otorduak zerbitzatzeko kon-tzesioa. Alegia, pribatizatu egin zutela, esternalizatu egin nahi zutelako aitzakiarekin. Hortik aurrerakoak surrealismo nafarraren goia: legatza non legatz erdia falta den baina albardatu osoa dagoen argazkia dut; gaizki osaturiko dietak; janari ustela; arandelak; bakteriak; zomorroak; animalia handiagoak -osasun kontseilariak janari batean ez zela barraskilorik agertu ezeztatzera atera behar izan zuen-. Ondorioz erietxetan tuperwareekin ibiltzen dira atzera aurrera gaixoak eta senideak, zerbitzatzen dieten janaria atzera bueltan bidaliz.

Mediterranea de Catering enpresari kontratua deuseztatu beharrean coaching enpresa bat kontratu du Nafarroako Gobernuak enpresa horrekin dituen arazoak konpontzen saiatzeko, diru publikoarekin pagatuta, dudarik ez. Coaching enpresak Mediterranea enpresan- besteak beste- dagoen lan giroa aztertuko omen du. Ikerketa laostia izango da, seguru. Gaixoak? Zer dira gaixoak?