TRAGEDIA grekoetatik ageri zaigu gizakia zaurgarri. Are gehiago zaurgarritasun horrekin pagatzen zuen gizakiak jainkoen pareko agertu nahi izana. Zaurgarritasuna askotan agertu da literaturan. Batzuetan ulermena gainditzen duten arrazoien ondorioz sortua da; Edipo Kolonon dut gogoan, zaharturik, itsuturik, Antigonaren eskutik hondakinetan oinez; beste batzuetan pasioen menpekotasunak zaurgarri egiten du pertsonaia nagusia eta ingurukoak; gogoratu, demagun, Otelo jeloskortasunaren menpe, edo Macbeth, gaiztakeria akuilu bere mundu osoa tragediara bulkatzen. Askotan, zaurgarritasuna naturaren oldarraren ondorioz ageri da; horra, esaterako, Ilunbeen biho-tzean Marlow inguratzen duen ohian zerratu eta itogarri hori. Gudaren zaurgarritasuna nobela eta poema askotan ageri da, gogora etorri zait, Wilfred Owenen Topo egite arraroa non lubaki berean elkartzen baitira Lehen Mundu Gerran soldadu britainiar eta alemaniar bat eta nola erreparatzen dioten batak bestearen izate hauskorrari. Edo gaixotasun aurreko zaurgarritasuna: Harold Brodkeyen Esta Salvaje Oscuridad- Historia de mi muerte; edo We were there HIESAren hasierari buruzko dokumentalean agertzen den aitorpen xume eta umila: elkarrizketatuetako bat seropositiboa izan eta bi bikotekide hilko zaizkio gaixotasun horren ondorioz. Zaurgarritasuna sailkaturik dago: fisikoa, ekonomikoa, teknikoa, politikoa, ekologikoa da. Areago, Butler filosofo amerikarrak gizarte berri bat eraikitzeko tresna erabilgarritzat ere jotzen du. Gure zaurgarritasunetik eta zaurgarritasun horrek ekar ditzakeen galerei egindako doluetatik erlazionatzeko modu berriak sor ditzakegu gizarte hau eraldatzeko.

Hemendik gutxira trenean hildakoak ehorzten dituztenean galdera honi erantzun beharko diote ahaide eta adiskideek: zer naiz ni zu- aita, anaia, ama, adiskide...- gabe?

Eta beharbada galdera hori erantzuteko egin behar duten ahalegin neketsu eta mingarrian aurkituko dute besteekin topo egiteko modu justuago eta jakintsuago bat, besteren zaurgarritasuna kontuan hartuko duena. Zaurgarri garelako.