GENERO indarkeriaren gaineko albiste oso ezberdinak jaso ditugu aurreko astean. Batetik, Oñatin egindako ezkutuko genero indarkeriaren inguruko jardunaldiak; eta, bestetik, San Ferminetan hartutako irudiak.

Oñatin, adituek, genero indarkeria bikotearen baitan baino haragoko esparruetan gauzatzen dela salatu dute eta emakumearen salerosketa eta prostituzioa ere genero indarkeriatzat hartzea eskatu dute.

Areago kezkatu naute, ordea, telebista bidez helarazi dizkiguten San Ferminetako irudiek. Horien artean, neska bat, ardoz blai, gizonezko baten sorbaldetara igota eta inguruko mutil guztiak honen bularrak ukitzen. Duela bi mila urte edo gehiagoko irudia iruditu zait.

Patroiak errepikatu baizik ez ditugu egiten (batez ere, komunikabideen eta zinema industriaren bidez); gizonezkoari behin eta berriz indarra duela gogorazten zaio. Emakumeari, ordea, sexu harremanetan arrakasta izateko, gizonezkoa erakartzeko erabiliko dituen trikimailuak publiko egitea erakusten zaio, eta gizonezkoa erakarria sentitzen denean eman behar dituen zantzuak ere ikusgarriak izatea hobesten da. Hortik uler daitezke bakarrik San Ferminetan ikusitako irudiak. Jokoan gizonezkoak eta emakumezkoak biek hartzen dute parte. Heziketa beraren biktima dira.

Eta gero datoz ondorioak: San Ferminetan, bertan, hainbat kale inkesta eginda, emakumeek erasotuak sentitzen direla zioten. Ezin dituztela eraso horiek poliziaren aurrean salatu. Zergatik? Emandako arrazoiak sinpleak ziren: hainbeste jenderen artean "ez dakizu titia edo ipurdia nork ukitzen dizun".

Baina azpiko arrazoia sakonagoa da: jokatu beharreko papera onartuta dugu guztiok eta paperetik irtetea ezinezkoa dela pentsatzen dugu. Sexu arrakastaren biderako jokoa hasita dago. Nork esango du partida horrek ez duela balio? Mahai gainean dirutza dago jokoan.