HITZEK errealitatea sor-tzen dutela zioten pentsalari klasikoek. Ametsak hitzez azaltzean errazago bihurtzen dira egingarri, eta berdin gertatzen da, zoritxarrez, amesgaiztoekin.
Izenburuko berba nonahi dago, guztion ahotan. Ustelak ez direla esateko erabiltzen dute batzuek, ustelkeriaren kiratsa lau haizetara zabaltzeko bestetzuk, eta erdian gaudenok ikuskizun penagarriaz zer iritzi dugun adierazteko.
Egoera definitu eta baloratu egiten dute hitzek. Hiztegiak bere adierekin egunotako sentimenduak nahikoa zuzen jasotzen dituela ematen du. Ustelak, gai organikoez ari garenean, hondatu edo galdu egin dena adierazten du, eta pertsona eta animaliez, lanean ahal duena baino gutxiago egiten duena. Hirugarren adiera bat du egoerak baloratzeko: ondoriorik ez duena, dagokion helbururako balio ez duena.
Horixe da geure errealitatea, egunero geure hitzekin sendoago egiten duguna: barru-barruraino sartu zaigun krisiarena, atzerabiderik ez duen higaduraren marka. Erruak errudunak aitortu beharko ditu, baina ukaezina da eman dezakeena baino gutxiago ematen digula gaur egun sistema honek. Horixe da nagusitu zaigun sentimena.
Beste hitzik ez, beste ametsik ez, beste errealitaterik ez, beraz. Ez dakigu erabat hondatu ote den, ezta etorriko den dena delako berriak orain arteko hutsak emendatzeko balio izango ote duen ere. Baina ustelkeriaz etengabe ari garelarik, gero eta ustelago senti-tzen gara, gero eta sakonago sar-tzen zaigu berbaren pozoia.
Hitzak ez dira ezerezetik sortzen: adierari beharrari erantzuten diote, ezintasunaren korapiloa askatu beharrari. Senide bereko seme-alabak dira hitzak eta sentimenduak: iturri berean sortzen dira eta handik isuri egiten dira, egunotan handi datozen ibaiak bezalaxe, zabaltzen joateko.
Ustelkeriaz hitz egiari utzi nahi badiogu, beraz, hura baino indar-tsuagoa den sentimena bilatu beharko dugu geure baitan. Egoera aldatzeko grina, adibidez. Hitz ederragoak sortzeko itxaropena, adibidez.