Síguenos en redes sociales:

Eztabaida sarean

GABON gaueko programazioa ezin salduta dabiltza telebista kate guztiak, zein baino zeinek jendaia eleganteagoa ekarri, eta programa umoretsuagoa eta ezberdinagoa egin. ETB-k ere erakutsi digu bere programazioa eta, hara non, sare sozialetan piztu den eztabaida, EAEko 19 parlamentari Gabon gaueko Euskal Kantuen Gaua saioan Ruper Ordorikaren Zaindu maite duzun hori kanta abestuko dutelako.

Izan ere, kolore guztietako parlamentariak dira aipatu kanta abesten dutenak, baita Egunkariaren itxieran parte hartu zutenen ordezkariak ere, eta blogetan ida-tzi dutenek, kritikagarri jo dute aipatu erabakia hartu zutenekin batera gainontzeko parlamentariek Ruper-en kanta partekatzea.

Eta, kritikaren ostean, egon da bat baino gehiago, bere partehartzea azaldu eta zuritu nahi izan duenik.

Kontua da ea nork erabaki duen Ruper-en kantua hautatzea parlamentariek kanta dezaten; kontua da, aipatu abestia hautatu duenek eta gainontzeko parlamentariek ba ote dakiten Ruper-ek abesti hau zeren karietara konposatu zuen eta abestiak zer esan nahi duen. Kontua da, ea 2013. urtearen atarian, eta legebiltzar eraberrituaren aurrean, orain ere atzera begira aritu behar dugun "gu" eta "besteak" betiko bereizketa gaindiezinaren lerroak marrazten; kontua da, Ruper-en kanta abestu dutenek ez badakite abestiak zer esan nahi duen, arazo lodi bat dugula; eta, baldin badakite, galdetu beharko zaiela, batzuk terrorismoarekin bezala, besteak adierazpen askatasunarekin neurri bereko barkamena eskatzeko prest ote dauden.

Eta kontua da, ea Ruper-i zergatik inork ez dion bere abestia erabiltzeko baimenik eskatu. Euskal sortzaileek euskal kultura babesteko sortu ohi duten perletakoa dugu Zaindu maite duzun hori, eta espero nuke entzutea, hain gurea, hain denona dela sentituta, atzean egile bat duela pentsatzea ere ahaztu egin zaiela. Hori espero nuke en-tzutea.