Atezain automatikoa
ETXEKO atezain automatikoak kudeatu eta mantentzen dituen enpresak ohar bat jarri digu atarian: ez dakit zein egunetan, asteartean uste dut, goizeko 11.30etatik aurrera tramankulu automatikoak aztertuko dituzte etxez etxe, pisuz pisu, eta, beraz, bizilagunok etxeetan, pisuetan, egon beharra daukagu, bai ala bai, lana errazteko. Oharrak kutsu larderiazkoa du, mehatxuzkoa: ez da zehazten zer gerta dakigukeen agindua betetzen ez badugu, baina ezin gauza onik espero. Oharra gaztelaniaz dago, jakina, ez euskaraz, ezta ingelesez ere. Alemanieraz ere egon zitekeen idatzita, gogoa nazien garaietara joan baitzitzaidan bat-batean.
Zer egin? Bizilagun batekin zerbait adostu? Argi dago oharra ida-tzi duten burutxo argietan familia eredu bat dagoela: aitatxo (aitta, barkatu euskaltzale jatorrak), amatxo eta seme-alaba batzuk; aita lanean, seme-alabak eskolan eta ama gauza hauetarako, eta beste askotarako, etxean. Ez zaio burutik pasa agian ama ere lanean egon daitekeela eta astegun buruzuri batean, goizeko 11etan, ez dela inor etxean egongo. Edo agian oharra idatzi duenak kontzientzia soziala oso garatuta du, eta etxe guztietan lagabeturen bat dagoela uste du. Edo agian oharra idatzi duenak badaki gaur egun aiton-amonak asperturik daudela, ezer egin barik, bolondres eta beti prest gauza hauetarako. Edo guztiok dugula neskame hegoamerikarra. Baina gure etxean, hogei etxetxo, hogei pisu, gutxi gorabehera, eredu hori minoritarioa da.
Atezain automatikoak konpon-tzen dituen enpresak bezala, jende askok uste du oraindik guztiok aipatutako familia eredu horretan bizi garela, emakumezko guztiak ama direla eta gizonezkoak aita, ume txikien gurasoak elkarrekin bizitzen zoriontsu, esan nahi dut. Politikari askok ere, ekonomilariek bezala, familiaz hitz egiten dute etengabe, herritarrak, norbanakoak albo batera utzita, baina baita betiko familia tradizionaletan sartzen ez direnak ahantziz ere. Bien bitartean bizitza bere bidetik doa betiko moduan, bere hartan.
Ondoko auzokideak (emakume adineko bat) bere giltzak utzi dizkit, ni etxean izango naiz eta.