Epaitegi Konstituzionalak ez du onartu gay eta lesbianon ezkontzari PPk aurkezturiko helegitea. Zazpi urte eman ditu hausnartzen, oldozten, konstituzioari aurretik eta atzetik begiratzen, eta azkenean, hara, hortxe ebazpena. (Ez da zutabe honen helburua epaitegi goren horren eraginkortasunari buruz aritzea, baina, zertan ematen dute eguna?)
Ebazpena jaso ahala hortxe atera dute Konferentziako hiru mosketariek ideien farfaila zaharkitua paseatzera. "Ezkontzari jada ezin zaio ezkontza deitu, ez duelako gizonen eta emakumeen arteko desberdintasuna bermatzen"; "indarrean dagoen ezkontzari buruzko legea erabat injustua da"; "ongizate orokorrari egin zaio kalte"; " Ama Birjinak lagun ditzala familiak eta gobernarien alde egin dezala"; "emazte eta senar moduan izateko eskubidea galdu dute espainiarrek, izan ere, hemendik aurrera A hiritarra eta B hiritarra moduan emango baitute izena Erregistro Zibilean". Ez dut komentariorik eginen.
Baina demagun, A hiritarrak eta B hiritarrak esposatzea erabaki zutela gay ezkontza onartu zenean. A hiritarrarendako zein B hiritarrarendako beren burua berresteko moduetako bat zen; familien eta lagunen aurrean nor diren adierazteko era bat besterik ez. A hiritarrak istiluak izan zituen familian baina, hala ere, egin, egin zuten. Armairuari azken ostia emateko parada.
Gero bizitza dator. A ezkontidea eta B ezkontidea banandu egin ziren. A ezkontidea emakumea eta B ezkontidea gizona duten bikoteen erdia bezalaxe (badaezpada diot). Dibortzioaren paperak egin zituzten. Eta handik sei urtetara Konstituzio Epaitegiak benetan ezkondurik egon dela ziurtatzen dio Ari. Hara! Beno- pentsatzen du A ezkontide ohiak- lasaitu ederra hartu dut.
Eta onartu ez eta gay ezkontzen kontra egin balute? Orduan ez zuen sekula B ezkontide izango. Eta beharbada ezkontide izan ez balu, ez zuen bikotekide ere izango. Eta ez bazuen bikotekide izan, ez zuen ezagutuko. Eta orduan, A ezkontide ohia zientzia fikzioaren sigi-saga metafisiko amultsuetan galtzen da.