PeRTSONA batzuk, goizean, jantzi behar dituzten arropak aukeratzeko, leihora irteten dira, edota irratiko iragarpena entzuten dute; beste batzuek, aldiz, egutegiari begiratzen diote, eta dataren arabera aukeratzen dute zer jantzi: abuztuaren 20a bada, sandaliak eta tirantezko kamiseta jantziko dute, eta abenduaren 17a bada, jaka eta uretarako botak, kontuan izan barik haize frantsesak edo hegoaldekoak jotzen duen.
Aurtengo abuztua alde batera utzita, uda Euskal Herrian igaro-tzeko ohitura dutenek ondo dakite zer den abuztuan hotza pasa-tzea. Hala ere, arropak aukera-tzeko egutegiari begiratzen dioten horiek ez dute udako janzkera aldatzen eta gai dira abuztuko egun ilun eta hotz batean praka motzetan eta sorbalda agerian uzten duen kamisetarekin ibiltzeko kaletik, dardarka bada ere: abuztua delako, eta teoriaz bero egin behar duelako, euren gorputzek jaka gustura hartuko balute ere.
Bi joera ezberdin hauek politikagintzan ere izan dezakete isla. Badaude, egutegiari soilik begiratzen dionaren moduan, erabaki bat hartzean bere alderdiaren agindu eta programak bakarrik kontutan hartzen dituzten politikariak. Eta herri honek (edozein herrik, egia esan), ezer erabaki aurretik bere alderdiaren programa betetzeko ahalegina egiteaz gain, leihora irteteko joera duten politikariak behar ditu. Politikariek euren bulego eta bilera-geletatik kanpo begiratu behar dute, esaten dena entzun, inguruan dutena aztertu. Besteak beste, iruditzen baitzait kasu askotan alde gehiago dagoela alderdi ezberdinetako politikarien artean, alderdi horietako boto-emaileen artean baino. Bere alderdiaren bulegoetako egutegiari bakarrik begiratuta erabakiak hartzen dituztenen aurrean, kanpoan benetan egiten duen eguraldia begiratzen duten politikariak beharko genituzke. Abuztua izanda ere, behar izanez gero, jaka jartzen dakitenak.