ORDURIK ez. Eguraldi onaren apeta. Plan asko egiteko tenorea eta ardura. Denboraren luze-labur kontrolaezinak. Jan eta lo. Paseoak menditik, paseoak hondartzatik. Herriko jaiak. Parrandak eta gehiegikeriak, baina parrandak batez ere.
Gure Euskal Herriko herrietako unerik gorenena jai egunak izaten dira. Egunerokotasun astunarekin apurtzeko prestatzen dira urterik urtera, antolakuntza latzetan murgildurik, programazio erakargarria osatuz, eta ondorioz, horrek guztiak gure kulturaz gozatzeko abagune galanta eskaintzen du.
Dantzak izaten dira, nire uste apalean, gure sorburu kulturaleko performancerik ederrenak. Ehunka urtez, milaka pertsonek astindu dituzte hankak eta besoak euskal doinu dantzagarrien indarpean. Malgutasun bereziaren jabe ez garenok gozatu egiten dugu gaztetxoagoen dantzak ikusten, aurreskuak, arin-arinak, fandangoak, pikak, doblak eta bestelakok egiten dituztelarik.
Dantza horiek egiteko berezko musika tresnak ditugu, urteetan onduak izan direnak, eta gure burmuinaren epizentroan lorratz galezinak utzi dituztenak.
Nik bereziki panderoa eta soinu txikia maite ditut, jotzeko formaz eta abilidadeaz tutik ez dakidan arren. Izan ere, elementu sinplea badirudi ere, panderoak alaitasun paregabea eskaintzen duen instrumentua da.
Beti ikasi izan nahi dut, miretsi izan dudan joleak bultzatuta. Pandero-jole askoren artean, belarriaren labirintoan dut Maurizia handiaren jotzeko modu itzela. Kassete zahar horietariko batean bildurik genituen bere koplarik onenak, buruz ikasi genituenak, bazkalosteko parrandarik alaitsuenak egiteko prest.
Maurizia Aldaiturriaga izan baita niretzat, panderoaren mitoa, Arratiako bailarako mendietako ezpondak eta txokoak soinuz bete dituena. Aspaldian joan zen gure artetik Maurizia, baina bere figura osatzeko eta omenaldia egiteko, Paia anaia bertsolariek, liburu ederra idatzi zuten duela urte batzuk. Liburu hori esku artean hartu dut, eguraldi onaren apetan, menditik edo itsaso-bazterretik paseoak ematen ditudala, ordurik gabe, herriko jaiak hurbiltzen direlarik, eta gure kulturaren altxorra ahantzezina dela eta izango dela jabetu naiz beste behin.