GOMUTAK instranferibleak dira. Nago, horietariko batzuk, ahanzturaren kutxan edota setazko oihal zaharretan bildurik eta gorderik izaten ditugula gure oroimenean, betiko toki ukiezin batean, horiei buruzko itaun oinarrizkorik aplikatu eta egin gabe. Zergatik, zertarako, nor, zer? Nire aitona Tomas Abaitua zen. Ez nuen inoiz ere ezagutu. Buruan dudan irudia sepiazko argazki bakar, tolestu eta zahartutakoan agertzen zen gizon fin eta elegantearena da. Gomuta horrekin batera hitz bat gordetzen dut: fusilamentua. 37ko irailaren 4an tiro hotsak entzun zituen zendu baino lehen. Txikitatik esan zait hori, faxistak Bilbon sartu orduko sasoietan, aitona fusilatua izan zela. Intrasferiblea ere bada, hein berean, amaren izu aurpegia, txikia zenean Artzeniega inguruko herri txiki batean babesturik, hainbat herri bonbardatzera zetozen ezin konta ahala hegazkin gainetik pasatzen zi-tzaizkiola kontatzen zidanean.
Oihal xume horietan gorde dut batik bat, aitona fusilatuaren irudia, itaun oinarrizkorik aplikatu eta egin gabe. Baina zerbaitek erretzen du barrutik, beti erretzen du zerbaitek, eta erredura hori gero eta handiago bilakatu da egunotan.
Aste honetan, 1937. urteko apirilaren 26ko Gernikako triskantza gogorarazi diguten hainbat ekitaldi egin dira Euskal Herrian, eta hemendik at ere bai. Izan ere, aste honetan 75 urte bete dira Alemaniako Kondor Legioak Bizkaiko herri hori suntsitu zuenetik, aurretik Durango, Otxandio beste batzuekin egin zuen bezala.
Egunotan gure zaharren samina bor-bor egon da, urteetan eldarnioan edota amesgaiztoetan ikusitako irudi lazgarriak berriz gogoratuz. Eta samina transferiblea da, guztiok sentitzen dugu, bakan batzuek izan ezik. Hangoek barkamena eskatu zuten bitartean, gure ondokoek ez dute inolako aitorpenik egiten. Nazkanteena da, betikoek iraintzeraino ekimenak egiten saiatzea.
Aste honetan, Espainiako soldaduak Elgetan aritu dira gerratan jolasten, hain justu, Intxortako frontea erori eta tropa frankistek herri hori hartu zuteneko 75. urteurrena betetzen zenean. Gomuta instranferibleak, isiltzen direnak denigranteak.