Montó un régimen autoritario, pero no totalitario, ya que las fuerzas políticas que lo apoyaban, Falange, Tradicionalismo y Derecha quedaron unificadas en un Movimiento y sometidas al Estado. Una guerra larga de casi tres años le permitió derrotar a un enemigo que en principio contaba con fuerzas superiores. Francisco Franco diktadoreari buruzko aipamena da. Ez duela hainbat urte argitaratu zen liburu batetik hartua baizik Espainiako Historiaren Erret Akademiak Diccionario Biográfico Español lanean argitaratu berri duena. Luis Suárez Fernández, Francisco Franco Fundazioarekin harremanak dituen eta, aldi berean, Hermandad del Valle de los Caídos elkarteko presidentearen hitzak dira. Esan gabe doa, Biografiak laguntza publikoak jaso dituela argitaratu ahal izateko.
Iraganeko kontuak direla iritziko diote batzuek. Izan ere, hainbatek ez zuten diktadorea ezagutzeko zorigaitza izan, beraz, gurasoek, aitonek edo amonek noizbait komentatutakoa, entzundakoa izango dute gogoan, beharbada. Nolanahi ere, urruneko kontuak dira, askorentzat.
Legalitatearen kontrako altxamendua, hamarkadetako errepresioa, erbestea, bide bazterretan utzitako gorpuak, hilketak, bermerik gabeko epaiketak, herri kartzela, kontzentrazio zentroak, bazterkeria, penintsulan diren hizkuntzen eta haiekin batera doazen kulturen jazarpena... ezezagunak edota barkagarriak dira Espainiako historialari batzuentzat. Xedeak barkatzen baititu hainbatetan gehiegikeria guzti-guztiak, antza denez.
Valle de los Caídos bera ere, garaitutako pertsonak esklabu bihurturik, Gurutzadan, halaxe deitzen bai-tzioten alde batekoek altxamenduaren ostean suertatutakoari, hildakoak gogora ekartzeko asmoz, diktadoreak eraikiarazi zuen. Eraikin horrek, milaka lagunen izerdia, odola eta bizitza ditu zimentarri, oinazea du abiaburu eta sufrimendua irabazleak goresteko aitzakia... gerora, beste zentzu bat eman nahi izan zaio eraikinari, legezko gobernuaren alde borrokatu ziren milaka lagunen hilotzak han daudela kontuan hartuz, are gehiago. Baina, ezin hasierako izaerari bizkarra eman.
Garaituak, masakratuak izan ziren gorpuen oroimena ez zen inolaz ere errespetatu, ez eta haien oinordeena ere. Batzuen eta besteen hilotzak leku berean, itxaropen, balore eta borrokatzeko arrazoiak berberak izan bailiran. Iraganarekiko ahanztura bultzatzen dutenek hori bilatzen baitute, denak zaku berean sartzea, denak berdinak direla nonahi eta nolanahi azpimarratzea, irabazleen izugarrikeriak zuritzea baita kontua.
Eraikin horretan nola zelai idorretan, izenik ez duten hilobietan daudenek ez dute parekidetasunik eskatzen, ez baitira berdinak, nahiz eta batzuk hori azpimarratzen ahalegintzen diren. Iragan hurbilean gertatutakoari beldurrik gabe begira diezaiogun eskean ari dira, justizia eske ari dira, barkamen eske ari dira, azalpenak eskatzen ari dira... eta etxera itzuli nahi dute, etxekoen berotasunera, jatorrira, izana berreskuratuz. Horregatik, administrazioek erraztasun eta baliabide guzti-guztiak jarri beharko lituzkete, besteak beste, hilobietan barreiatuta daudenen gorpuak, hala nahi duten senitartekoei, itzuli dakizkien.
Iraganari lurra emanez ez dago zauria sendatzerik, bidegabekeria bizirik mantentzea besterik ez da lortzen. Frankistek egindakoa ezin da belaunaldi berriagoen aurrean zuritu, justifikatu, ez eta leundu ere. Oroimenak... ezabatuak izan zirenak gogoan izatea eta haien izena birjartzea eskatzen du eta. Ustezko irabazleei gorazarre egiten dien ezein kontu ezabatu beharko litzateke kaleetatik, denon oroimenetik, ez baitziren, batzuek kontrakoa badiote ere, heroiak izan.