LITERATURA hitzaren artea da, eta herri bateko ekoizpen literarioaren multzoa ere bada. Guk, euskaldunok badugu geurea, gure munduaren katalizatzailea dena. Egun hauetan, hemengo literatura Larrabetzu herrira joan da, bertan, Literaturia gauzatzen ari baita. Literatura txikia da geurea, esku txikiak eta hanka txikiak ditu, baina euskal herriko txoko guztietara zabaltzen badaki. Oraingo txoko hori, Larrabetzu da.

Gure literaturaren arimaren tiramenak eta kemenak zale asko ekarri ditu egun hauetan Bizkaiko herri horretara, eta arima horrek, besapean, liburuak, mahai-inguruak, errezitaldiak, antzezlanak, liburu-aurkezpenak, kontzertuak, bertso saioak, solasaldiak, haurrentzako ekitaldiak,?ekarri ditu guztiontzat.

Bekaizkeria sentitu beharko lukete beste herriek, Larrabetzu herri dinamikoko herrigintzak eta kulturgintzak sorturiko Literaturiak, zelako hauspoa ematen dion euskal literaturari ikustean. Hasierako uneetatik, arnas eta bafada berria izan da Durangokoaz gain. Euskal literatura, idazleak eta irakurleak txirikordatzeko xedearekin jaio den Literaturia sentitzean, arnas berria hartu dute euskal letrek.

Auzolan gogotsutik sorturiko hirugarren edizioa bete du aurten, 2009an, Literaturia, euskarazko literaturaren plaza izenburupean Literatura Eskola eta Larrabetzuko herriaren bultzadaz jaiotako ekimenak. Urte haietako legamiak, ogi berria ekarri du, eta edizioz edizio, berrikuntzak, eta emari gozoak gureganatu ditu iniziatibak.

Han biltzen dira idazleak, euren liburuak jendaurrean aurkeztera (aurten, zazpi euskal argitaletxek liburu berriak aurkeztu dituzte propio hemen); han ere biltzen dira literaturan sakontzeko dauden hitzordu ugariez, poema irakurketez eta hitza oinarri duten antzerki emanaldiez gozatzera doazen literaturzaleak; han biltzen dira hitz poetiko musikatu askoren doinu hipnotikozko kontzertuak irenstera doazenak; han biltzen dira, finean, literaturak zaurgarri bilakatzen dituenak.

Egun guztietan izan da zer gozatu, zer entzun, zer hausnartu eta zer sentitu. Legamia horrek altxaturiko ogia labean da, orain hurbildu eta usaindu.