Síguenos en redes sociales:

Oroimena ezerezean gera ez dadin

MUNDUAN den hizkun-tza aniztasuna murrizten ari dela eta desagertu diren hizkuntza horietako askoren testigantzarik osteko belaunaldientzako ez dugula bildu gauza jakina da. Bestelako agerpenengatik bazirela badakigu... baina ez dugu haien izanaren arrastorik. Ez dakigu munduaz, haien egunerokotasunaz zein ikuspegi zuten. Izan ere, hizkuntza asko ahoz transmititu dira, eredu sozial eta ekonomiko bati oso lotuak egon dira, ez dute kode idatzirik eduki, hainbatetan eredu bateraturik ere ez dute izan. Horiek horrela izanik, bestelako gizataldeen presioagatik, eredu ekonomikoa aldatu izanagatik, eta abar, hizkuntza-erkidego horiek ahulduz joan dira, desagertzera iritsi arte... eta hiztunak desagertu ahala, hizkuntza horien ahotsak desagertu, isildu egin dira, betirako.

Horregatik, galtzeko arrisku bizian edota indarberritzeko aukerarik ez duten hizkuntza erkidegoen kasuan, ahalik arinen, kultur ondare hori gordetzen saiatzea garrantzi handikoa da. Gizateriaren ondare hori alferrik galtzen ez uzteko, besterik ez bada. Baina, gure aurrekoek belaunez belaun transmititutakoa galtzeko joera hizkuntza-erkidego askotan gertatzen den fenomenoa da. Euskararen kasuan ere beste horrenbeste gertatzen ari da. Izan ere, duela hogeita hamar urtetik hona nagusitasunez eta lehentasunez euskaraz hitz egiten zuten eremu gehienen egitura ekonomikoa aldatu egin da; familia-egitura zeharo aldatu da, hizkuntza-erregistroaren transmisioan etena gertatuz; eremu batetik bestera biztanleen mugimenduak gertatu dira, sasoi bateko mintzairan higadurak ondorioztatuz; hezkuntzaren edo hedabideen eraginagatik tokian tokiko aldaerak ahultzen eta eredu bateratu bat ezartzen joan da, eta abar. Joera hori datozen urteotan areagotuko dela esatea ez da ameskeria baizik eta ateen aurrealdean daukagun gertagarri erreal bat. Horregatik dauka garrantzia, besteak beste, euskararen herri hizkerak jasotzeko duela hainbat urte Euskaltzaindiak abian jarritako ekimenak, Atlasak. Garai batean belaunaldirik zaharrenak ziren euskaldunenak, eta gazteenak, aldiz, erdaldunenak ziren. Gaur egun, alderantzizkoa da egoera. Euskarak inoiz ez bezalako hiztun kopurua dauka, biztanleria gehien pilatzen den eremuetan, batez ere. Indarberritzeko egindako ahaleginaren emaitzak ari gara ikusten hori bai... baina, aldi berean, hiztunen aldetik izandako hazkunde horrek badauka, bere aldetik, bere ifren-tzua. Hazkundea desorekatua suertatzen ari da. Euskaraz nagusiki jarduten duten eremuak deskuidatu ditugu, ahultzen ari dira, ia oharkabean. Adierazkortasunean, euskararen bizi-indarrean galtzen ari gara.

Euskarak eremu berriak irabazi ditu. Halaxe behar zuen, behar du indarberrituko bada... baina, aldi berean, etxeko sua, euskara egoera zailagoan zegoenean, haren biziraupena ziurtatu izan duen eremuan ahuldu da. Erreferentzia ugari galdu ditugu, bai linguistikoak nola baita kulturalak. Hiztun kopurua haztean jarri ditugu indarrak. Horretan ahalegindu beharko dugu oraindik baldin, etorkizunean, Nafarroan edo Iparraldean -esate baterako- indarberritzeko aukerei eutsiko badiegu. Baina, hainbat tokitan badugu nahikoa indar, hiztun jauzi are esanguratsuagoa egiteko. Besteak beste, erabilera areagotzen, erreferentzia kultural sendoak sortzen, harreman-sare trinkoak eratzen jarri beharko genituzke indarrak, lehentasunak eta baliabideak, hiztun kopurua haztea albo batera utzi gabe. Halaber, ahalegindu beharko genuke, ahalik lasterren, euskaraz nagusitasunez eta lehentasunez jarduten duen lur-eremu geografikoa berrosatzen, jarraikortasuna ematen eta trinko-tzen, eta hortik, ingurura are gehiago irradiatzen. Beste urrats bat egiteko sasoia da. Horrek, administrazioez harago, elkarte, erakunde eta herritarrek hizkuntza indarberritze kontuetan duten garrantziaz ohartaraztea eskatzen du... sasi guztien gainetik... zein azpitik euskararen herria nolakoa izan behar duen partekatzea eskatzen du. Itxurakerietatik, norberarena den erantzukizuna lagun hurkoaren bizkar lagatzen ahalegintzeaz harago.