EGONGO gara. Hitz egingo dugu. Ia geratzen garen. Ezin dut orain, kontatuko didazu. Egingo dugu, beste egunen batean. Gaur ez, topean nabil.

Gertatu ez diren zenbat gauza pilatzen ditugun gure agenda pisu-tsuen azpian. Esan ez diren zenbat hitz, ospatu ez diren zenbat afari, burutu ez diren zenbat elkarrizketa. Zenbat gertakari itotzen ditugun gertatu aurretik. Indarrez zapaltzen ditugu, intsektuak baliran. Eta ondoren ez dago haiek berreskuratzeko modurik. Gure zapataren azpian itsatsita geratzen dira, birrinduta.

Gero, esaten dugu. Baina gero heltzen da eta gero orain da, eta berriz esaten dugu: gero egingo dut, bihar. Baina bihar heltzen denean gaur bihurtzen da. Uneen hiltzaileak gara. Eta sekulako abilezia dugu gerorako uzten ditugunak aukeratzen: beti izaten dira bizitzan benetan inportanteak diren gauzak. Ez gara lagunarekin geratzen ingelesezko klaseetara joateko; ez gara semearekin izozki bat jatera joaten laneko dei batzuk egin behar ditugulako. Gero, bihar. Baina ez, aukerak badoaz.

Herenegun, arrautza bat frijitzen hasi nintzen. Beno, bada zartagineko olioa berotu zenean, poliki-poliki ireki nuen arrautza-oskola, olioak zipriztinik ez egiteko. Baina arrautza zartaginaren gainean ireki beharrean, makurtu eta zakarrontziaren gainean ireki nuen. Poliki-poliki, hori bai. Eta gorringoa eta zuringoa porru azal ba-tzuen gainean irrist egiten ikusi nituenean, orduan konturatu nin-tzen egiten ari nintzenaz. Arrau-tza ireki bitartean, egiten ari nin-tzenaz pentsatu beharrean, oskola zakarrontzira bota behar nuela pentsatzen ari nintzen, eta horregatik makurtu nintzen, burua azkarregi zebilelako, behar ez zuen tokian.

Txarrena ez da gauza bat egin beharrean beste bat egitea. Arazoa da gauza bat egiten gauden bitartean askotan geure burua ez dagoela hortara, beste gauza bat egin behar dugula pentsatzen baizik. Eta hori oso arriskutsua da, kaletik espaloira begiratu gabe doanak aukera asko baititu txakurren kaka zapaltzeko.