INTXAURRAGA lagunari azken agurra idatzi nioneko izenburua gustatuko zitzaidan gaurkorako. Konfiantzakoa izan zela Sabin esaten nuen halakoan, hitzekoa eta ekintzakoa, sinesgarria. Hainbat egunetan kariñoz beteriko dozena bat iruzkinetik gora entzun edo irakurtzeko aukera izan dut eta denak, hutsik gabe, ildo horretatik.

Zein atsegiñez berrerabiliko nuen lerroburu hori oraingo honetan!, astelehen eguerdian ETAk agiri bat argitara zuela jakin nuenetik hona. Testo ezezik izenburuak irakurri orduko, ez nenbilen besterik nire buruan, sinetsiko ote diote? Ote diegu? Finean, maila kontuan legoke zalantza. Alegia, norainoko aitormena egin ote duen erakunde armatuak. Maila edo erabilitako hitzen adiera: Behin betiko prozesurako "orokorra", "iraunkorra" eta "egiaztagarria" omen da aginduko su eten hori baina ez omen da "baldintzarik gabea" "buelta gabea" edo "erabatekoa". Jaunak! Denak ez ba dira ere, ia denak sinonimoen edo antzekoen hiztegira sartu eta hitza baten inguruan ia. Eguneroko solasean bereizteko behintzat ez dira errazak. Zorroztuz, zehaztuz bai bereizten dira, ai-tzakia hartzeko besterik ez bada ere.

Berresanez, gakoa sinesmenean, konfiantzan datza. Borondatea hi-tzez adieraztea zaila delako. Eta sineste honen inguruan nahi izatea edo ez. Borondatea, alegia. Dozena bat urte nituenetik inguruan izan dut ETA. Bai, inguruan, airean, etxean, herrian, lanean, pentsamenduan edo asteburuko bidaietan, jolasean eta solasean, neurri baten bizitza osoa markatu edo baldintzatu ez badit ere sekula apartean ez dut izan. Eta izan dira ehunka aukera, onerako eta txarrerako, ETAk zerbait egin (edo ez egin) esan (edo ez esan) duenean gure sinesmena frogan ipini duena. Eta irabazi zuen, sinesten genion. Egin edo esanekoarekin ados egotea beste kontu bat litzateke beti, baina esana ez zen gezurra. Azken esaldi honetan jaurti nahi izan dut goiko lerro guztien asmo, zama edo indarra: Oraingoan ere ziur nagolako ETAk ez duela gezurra esan. Baina, egia osoa bai?