LANERA etorri zen geurera, duela lau urte. Goi-mailako lanpostua eskaini zioten, eta soldata ere dezentekoa. Horra, beraz, pasatzen utzi ezin daitezkeen aukera horietako bat. Finlandiako herri txiki-txiki batetik irten zen Karl eta hemen izan da kontratuak agindutako denboran; joan den astean antolatu genion despedida.
Azala gogorregia duen intxaurraren modukoak omen gara euskal herritarrak, Karl-en aburuz. Jo eta jo egin behar du barrura sartu nahi duenak, baina behin harresia apur bat pitzatuz gero, eroso sentitzen omen da bat, babestuta. Ez dakit zelan hartu behar dugun metafora, mamia uzkurtuta, mikaztuta eta apur bat lehorra baitu intxaurrak.
Modu bitxian ahoskatuta bada ere, euskara garbia egiten du Karl-ek. Arinaiztarra aurreratua da, nolabait esateko. Euskaraz esaten du, bada, euskara ez zitzaiola uste bezain zaila gertatu ikasteari ekin zionean.
Entzuna zuen geure hizkuntzari buruz zer edo zer, eta bere jatorri ezezagunari buruz ere zer edo zer irakurrita etorri zen. Lau urte eta gero, gauza da bere burua ganoraz aditzera emateko, iritziak garbi asko azaltzeko, hiru urteko bere alabaren irakasleak esaten diona ulertu eta erantzuteko. Euskaraz esaten dizu harrigarri gertatu zaiola horren jende gutxiri entzutea berezkoa omen dugun hizkun-tzan kalean, tabernetan, lantokian, merkataritza-gune handietan. Horren garbi azaltzen du bere burua, ze gutariko batek galdetu dio nolatan animatu zen, euskara bizitzeko beharrezkoa ez zitzaiolarik, etxerakoan ezertarako baliorik izango ez zuelarik. Biraoaren tankera duen hitza jaulki dio galdetzaileari, baina suertez edo, ez dugu ulertu zer esan duen, finlandiera baitzen antza: dibertigarria delako, esan dio, bestelako esplikaziorik gabe.
Alde egin du jadanik Karl-ek, eta alde egiten duten guztiek bezalaxe, halakoren baten itzuliko dela agindu digu. Geuk ere bisitan joango gatzaizkiola esan diogu, eta denok dakigu ez dela egia. Hala ere, laster arte esanez agurtu gara. Badaezpada.