Zaku desberdin honetan
Carmen Maurak esan zuela uste dut: "Asko edo dena ikasi dut kulebroietatik". Kulebroi izenak gutxiesteko erabiltzen direla-eta, horien alde egin gura izan zuen aktore madrildarrak. Hala ere, ezin telesail guztiak zaku berean sartu.
Mexikoko Senda prohibida (Bide debekatua) izan zen erdaraz ekoi-tzitako lehen telesaila. 1958. urtean sortu zuten eta, melodrama ukitua izateagatik, nobela arrosekin -istorio melengak, bi hitzetan- parekatu zuten askok. Nahiz eta Hego ameriketako telesail gehienen iraupena zehaztua eta labur samarra izan -urtebetekoa batezbeste-, melodramaren garrantziak kulebroi deituak izatera eraman zituen.
Estatuko telesailek, haatik, luzera nabarmena izan ohi dute eta suge kilometrikoaren irudi horregatik deritze kulebroi. Amaigabetasun horrek, istorioen kolore arrosegiak eta, gura baino gehiagotan, aktoreen neurriz gaineko antzezpen kaskarrek nahiko ospe txarra eman die hauei. Alabaina, horiek -ba-tzuk- izaten dituzte audientzia maila altuenak. Izan ere, ezin dira guztiak zaku berean sartu.
Telesailetan errealismo ukitu minimoa bilatzen duenak jai dauka -egunkarietako elkarrizketekin gertatzen den moduan, esango luke unibertsitateko irakasle batek-. Fikzioa dira, fikzioa. Halere, horixe aurpegiratzen diote askok Goenkaleri: zeinek sinetsiko lau katu bizi diren herrixka batetan gertatzen den guztia gertatzea? Umoreari bide emanez, egia esan, Arralden, hamasei urtetan, gertatutakoak zerrendaratuz, barre egiteko modukoa da. Herri horretan ez da alpertzerik!
Izan ditu Eusla Telebistak euskarazko telesail gehiago, baina Goenkale da zaharrena, arrakastatsuena eta, dudik barik, Euskal Herriko aktore harrobi onenetarikoa. Izatez, hamasei urtetan egunero telebistaratu eta errepikakorra ez izateko, pertsonaien zirkulazio handia behar du izan. Eta Goenkalek izan du. Eskertzekoa da Arraldeko kalea euskal antzerkigintzarako. Carmen Maurak esandakoarekin bat egin behar, beraz. Kaskarkeri nahikotxo egongo da telesailen munduan, baina ez zaku desberdin honetan.