Elhuyarrekoak ez dira gautxori
Aspaldi utzi nion asteburuetan, goizean goizetik (goizeegi), gimnasioko harrera hartan lan egiteari. Eskerrak! Baina baditut garai haietako oroitzapen bereziak. Askotan gogoratzen dut, adibidez, domeka goizetako gosari bakartia: sukaldea hotz eta gautar/goiztiarrei zuzendutako irratsaio eternaleko aurkezlearen ahots leuna. Gogoan dut ere, behin, emaila igorri niola aurkezleari abesti bat eskatuz; "gautxori ala goiztiar?", galdetu zidan berak, erantzunean. Badaude ordu batzuk, mugalariak, egunaren amaiera edo hurrengoaren hasiera diren zehazten zailak direnak.
Oroitzapen horrek beste batera eraman nau, irratiko uhinen gainean. Lagun zientziazale bat, behin, irratiko zientzia saio interesgarriak gomendatzen hasi zitzaidan: "Partiendo de cero, A hombros de gigante, La rosa de los vientos...". "Baudade saioak", pentsatu nuen. Baina bazuen, txanponak, beste aldea, nahiko iluna gainera: zapatu eta domeketan, 1:00etatik 4:00etara bata (AM, bai); zapatuetan 4:00etatik 6:00etara bestea... Gautxori ala goiztiar? "Ez, ni zientziazale", erantzun beharko luke lagunak.
Zientzia jainkotu egiten duen gizarte honek, zergatik alboratzen du dibulgazioa? "Zientziarik arriskutsuena adituei mugatuta dagoena da", idatzi zuen The Robot Book liburuan Richard Pawsonek. Eta, hala ere, egungo komunikabideek, dibulgazioa heure terrible-etanematen dute. Ez danek, ordea.
Hamabost urte dira Euskadi Irratiak Norteko ferrokarrila zientzia saioa aireratzen hasi zenetik (astearteetan, 21:00etan) eta hamairu ETBk Teknopolis-en lehen saioa emititu zuenetik. Biak ala biak euskaraz -horrek ere badu zer txalotu-. Telebistakoak iaz jaso zuen zientzia-dibulgazioaren Europako telebista-programa onenaren saria, European Science Foundationek antolatua. ETB1ek, igandetan, 20:00etan ematen du; ETB2k, egun beran, 12:30ean eta, ETB3k, asteazkenetan 21:30ean. Hori bada dibulgatzea: hizkuntza bietan, kate guztietan eta ordu tarte onetan. Txapela kentzeko moduko apostua EITBrena. Beraiei esker Elhuyarrekoak ez dira gautxori.