Euskaraz da zutabea gaur ere, baina txikitako plaza askotan gazteleraz baino ez zeuden kartelak. Berdin jarraitzen dute orain, baina Euskal Herrian Euskarazen e bikoitzaren pintadarekin tapatuta.
Harira. Zertara dator izenburua? Bada, Surio jaunak (despistatuen-tzat: behingoz independentea den irrati-telebista kate publikoko zuzendariak) eskupilota partida batzuk interesik ez dutela-eta, astelehenetako programaziotik kenduko dituela esan zuen Legebiltzarrean. Hauxe esan zuen hitzez hitz: "Interesgarriak zirela uste izan dugun arte mantendu ditugu astelehenetako partidak. ETB-1eko astelehenetako programaziora itzuliko dira pilota partiduak ikusentzulegoarentzat interesgarriak suerta daitezkeela deritzogunean". Biba zu!
Asko daki Suriok (beno, Alberto esango diogu, zutabea lagun artekoa da eta, partida batzuk bezala) gizartearen interesetaz. Horregatik badaki zezenketak jarraituko dituela euskal ikusentzulegoak eta eskupilota... pst! Nork ikusten du eskupilota? Eta astelehenean gainera... astelehenetan zezenetan baino ez dugu pentsatzen-eta!
Baina otu zait kirol biak (kirol?) uztartzeko bide bat. Zalego biak pozik geratzeko modukoa eta batere mingarria izango ez dena. Bai, bereziki azken hau. Erabiliko ez diren larruzko pilotak zezenaren adarren puntan jarri (puntaren puntan eta ETBko txoriak kantatuko du txiruli-ruli), toreroak min har ez dezan. Eta honen ezpatan ere, beste pilota bat, animaliak lar sufritu ez dezan. Eta odolzaleak diren ikusleek ondo pasatzeko, Aspek eta Asegarcek erabiliko ez dituzten elastiko gorriak bota zezen gainera, heste eta tripen alberdania gainbehera etorri ez daiten. Eta denak (jai) alai.
Eta EiTBko kotxeek erremolkerik ez daramatenean, autoko bola larruzko pilota batekin tapa daiteke. Baina tira, erremolkea gutxitan uzten dute aparte Albertok eta ingurukoek. Erremolkean katearen ikusentzule guztiak daude. Festa egiten! Ondo pasatzen! Hori bai, eta ez nabil adarra jotzen, erremolke barruko kartelean argi eta garbi jartzen du: "Prohibido jugar a la pelota".