Barreak luzatu egiten ei digu bizitza; ardurak ilea urdindu zelan, algarak begi ertzeko tximurrak bakarrik ez, egunak dakarz-kigu bizitzara. Long live barrea, zer demonio! Bizipozaren zimurrak, gainera, edertasuna ere badirelako, utikan botoxa eta barre algaren dominei eutsi. Zoriontasunak norbere jarreran datzalako, badaki bakoitzak zer egin.

Lekua ematen diogu umoreari egunerokotasunean eta beste horrenbeste egiten du ETB-1ek programazioan. Wazemank ez da saio berria -ezta zaharra ere, oraindik...-, sobera ezaguna programa eta are famosuagoak aktoreak beraiek. Berri-tzaileak izan ziren lehenbizikoz pantailan atera zirenean eta gehitu dituzten atal berriekin asmatu dutela esan behar. 3.0 bertsioa da denboraldi honetan ikusi dezakeguna eta nobedadeen artean Bertsorzista deituriko atala da bereziki azpimarragarria: Xabier Amuriza ilun batek barneko deabruak kanporatzen laguntzen dizkie estutasunetan dauden bertsolariei. Kasualitatea ala ez, Onintza Enbeita bertsolaria gidoigile lanetan hasi den denboraldian estreinatu dute atala.

Zertan datza, baina, umoreak? Euskara irakasle batek esaten zigun kaleko edo etxeko hizkuntzan oinarritzen dela askotan umorea. Lerro arteko alegia: euskara batua ona da baina euskalkiak ez ahaztu, horiek baitira hizkuntzaren gatza eta piperra. Wazemank jarri zuen adibide: Alkain eta abarren euskara zarratuak egiten digu grazia askotan, istorioa bereziki ona ez bada. Baina horrek ere neka lezake ikuslegoa azkenean: "Ondo dago, baina denak dira gipuzkoarrak eta bizkaitar bakarra ondarrutarra izan behar!", esan dit, erdi txantxetan, neskalagun ondarrutarra daukan lagun batek. Bazuen lerro artea ere lagunaren komentarioak: txisteak badakizkit.

Wazemanken bertsioek aurrera jarraitzen dute eta oso audientzia onekin. Baina hiru puntu zeroaren ostekoa lau puntu zeroa izango bada, lagunaren lerro arteak zioen moduan, ezagunak izango dira txisteak eta, ezaguna ere, euskalki zenbaiten kutsua. Euskalkien berezitasunera ez daitela mugatu Wazemankeko koadrila, atal berriak sortzen jarrai dezatela! Amore ez, eman umore!