kostaldekoei gertatu ohi zaigu, herritik aldentzean, itsaso zabalaren faltak min egiten digula barrenean. Zeruak ez dauka dirdira berbera barnealdeko hiri batetan. Galiziako lagun batek esan zidan behin hain eurena den morriñak oinarri zientifikoa daukala. Hango itsaslabarretako haitzek, zelanbait, airea kutsatu -magiaz bete- egiten dutela eta, Galiziatik aldentzean, faltan botatzen ei duela groputzak sustantzia hori.

Horrelakoak entzutea gustatzen zait, nahiz eta sinesgaitzak izan. Ez nion lagunari, hala ere, sinisten ez nuela bota -enpiristegia bihurtzen ari naiz-. Bera ez mintzearren eta, albariño eta olagarroarekin batera, sortu genuen giroa ez zapuztearren. Alabaina, neoprenoa surflariei zelan, horrela itsasten zaigu airea, gauero, olatuengandik hurbil lo egiten dugunoi. Badu aireak zera berezi hori, ugerra sortzen duena. Bai, kresala. Horrexek ere eragiten digu hutsune handia itsasotik aldentzen garenean.

Aspaldi ez zuela Euskal Telebistak itsas munduari buruzko programarik aireratzen. Eta are aspaldiago ez zuela ETB-1ek saio berririk aurkezten -Kerman salbu-. Oraingoan, ordea, harri batez bi kolpe. Joan den asteartean estreinatu zuen euskarazko kateak Kresala saioa. Itsasoari lotutako programa honek ordutegi ona izango du -asteartetan 23:00etan eta larunbatetan, errepikapena, 12:30ean- eta kazetari fina kamara aurrean -lantalde bikainaz lagunduta-. Pedro Garcia Larraganek Radio Euskaditik pantailako lehenengo katera egin du salto eta eskertzekoa den kolore garrantzitsua indartu egin dio, bide batez, ETB-1eko paletari. Bizkaieraren presentzia areagotzearen alde egin behar dugu mendebaldekook.

Garrantzitsuegia da itsasoa Euskal Herriarentzat telebistan presentzia sinbolikoa baino ez izateko. Apustu ederra egin du kate publikoak oraingoan; ondo eta sendo eman du lehen urratsa, gainera: portu txikiak, superportua, itsasgizon eta andreak, enpresak, surflariak, merkantzia, arrantza, barkuak, kapitainak, bertsoak, kantariak... itsaso morriña zuen euskal ikuslegoak, itsasomina.