Teknologiaren mendean mundu teknologikora egin behar zuen salto geure unibertso txikiak (Euskal Herria, esan gura da). Ez diot XXI. mendera arte itxaron dugula, surik behar izatekotan, pirita eta harria erabiltzeari uzteko, ez gaizki pentsatu. Baina bizi dugun mendeko lanabes ezinbestekoa internet da eta, honetan bai, mantsoegi ibili gara euskaldunak. Mantsoegi eta guruaren -maitasun osoz- hurrengo okurrentziaren zain. Gurua: Luistxo Fernandez. Bera da euskara eta interneten arteko loturan sinesten zutenen artean aurpegi ezagunena. Ezagunena, baina ez bakarra.
Euskal Irrati Telebistak ere egin dio lekutxo bat Euskal Herria eta internet binomioari. ETB-3n iaztik aurrera eta gaztelerazko katean duela bi aste hasita, aukera ematen dio Nick dut Nikek (NdK), ikusentzuleari, sareko euskal ontzien kapitainak ezagutu ahal izateko: aurpegia eta ahotsa jar diezaieten eta proiektuak ezagut ditzaten. Hogeita bost minutuko asteroko saio honetan elkarrizketak eta erreportajeak aurkezten ditu Arantza Garcesek. Programan ikusiko dena aurreratu ostean, Garces pantailatik desagertu eta saio arin, ikusgarri eta oso interesgarria hasi -eta konturatu baino lehen amaitu- egiten da.
Badu teknologiak beste izen erraldoi bat EITBn, jakina: Teknopolis. Europa mailan ere goi mailako programa. Baina Nick dut nikek interneten sortu den mundu paraleloari kosk egiteak berebiziko garrantzia dauka euskaldunontzat. Factoria Crossmedia ekoiztetxe gaztea dago horren atzean, baina proiektuan sinesteak ematen duen indarra nabari da beren saioetan: oso zaindutako irudi eta koadrotze berriztatzaileak darabiltzate elkarrizketetan eta muntaian sartzen dituzten ordu luzeak ere dira nabariak. Txoritxo (kontakatilu) batek esan zidan asko -gehiegi- tardatu zuela telebista kate publikoak NdKren bigarren denboraldirako kontratua aurkezten Crossmediari. Baina egin zuen, azkenik. Clap-clap txalotzekoa, bai. Euskal Herriak badu ezizenik interneten; baina horrekin ez da nahiko, altaboza eman behar zaie hori ahalbidetzen dutenei.