Kerman izena ohikoa bazen lehen, inoiz baino geureago bihurtuko zaigu ETBren euskaldun berriari esker. Ez da bera, baina, telebista kate publikoak euskara ikasleentzat sortutako lehen laguntza.

Bai horixe! euskara ikasteko programa mitikoarekin alderatuz baditu abantailak Oihan Vegak aurkeztutakoak: bost minutuko iraupena baino ez -mundu trepidante honetan ondo txertatzeko moduko pilulatxoa-, egoerak naturalagoak dira eta Kermanen jarrera euskaldun berriei transmititu behar zaiena da: lotsak aditz konplikatuenak baino gehiago trabatzen digula mihia. "Baina Kermanena larregitxo da, txo!", esango du batek baino gehiagok. Erabat ados. Eta hortara doa Kerman: exagerazioari esker barre egingo du euskaldun berriak eta "horrek beste ez dut egingo baina, tira, agian okinarekin, auzokide dudala..." pentsatzera bultzatu.

Hiruzpalau kapitulu ikusi ditut gaurdaino eta gustatu zaizkit. Agian, gomendio gisa, erabilitako esaldien errepasoa zelan egiten duten, hiztegiari begiradatxo bat ematea ere proposatuko nieke. Fruta dendako saiotxoan otu zitzaidan: orburu, beterraba, ilar, zainzuri... barazkien izen ofizial guztiak bi euskaltzainek eta Kafe Antzokiko menuba idazten dutenek baino ez dakizkitela egingo nuke apustu.

Bukatzeko, zirikatzaile lana egingo dut pixka bat. Saioa euskaldun berrientzat baldin bada eta ETB 2n euskara hutsezko saioa "historian lehen aldiz" ematea garrantzitsua bada, zergatik emititzen da bost aldiz ETB 1en eta hirutan baino ez bigarren katean? Eta, nor dago 10:05ean, 13:25ean edota 1:30ean telebista aurrean (atzoko ordutegia)? Lan egiten dutenek ez, behintzat. Kexuka etorri zitzaidan, gainera, aurrekoan, euskaldun berri bat, Kerman grabatu ezin zuela eta; "inoiz ez dute ordutegia errespetatzen!", zihoen lagunak. Bost minutuko programa izaki, zergatik ez puntuala izan? Proposamen bat: zergatik ez eman Teleberriaren ostean? Prime time litzake eta puntuala. "Honekin zein harekin, baina euskaraz egin", dio Vegak saio amaieran. Honekin zein harekin bai, baina noiz? Saioa ona, ordutegia, ordea...