Onartu behar dot egunero begiratzen nabilkola datorren domekarako eguraldi iragarpenari. Ez da hondartzara eguzkia hartzen joateko asmorik daukadalako, ez, Donostiako badian Kontxako bigarren jardunaldian itsasoa zelan egongo dan jakiteko baino. Izan be, aurten be –gehienetan lez– bigarren estropadan erabagiko da Donostiako banderako irabazlea. Ganera, hamar ehuneneko aldea baino ez dago ontzi biren artean, Orio eta Zierbenaren artean hain zuzen, eta hirugarren bat, Bermeo-Urdaibai, sei segundora dago. Domekarako iragarpenaren arabera, ipar mendebaldeko hondoko itsasoak metro bi inguruko olatuak altxauko dauz eta haizea ez da oso indartsu ibiliko. Halandaze, hiru hautagai dagoz denporaldiko bandera garrantzitsua eskuratzeko lehian. Eta historiak sarritan erakutsi deusku Kontxan edozer gertatu daitekeela. Beti gogoratzen dot 2017ko ekitaldia. Lehenengo jardunaldian Bermeok hamar segunduko aldea kendu eutson Oriori eta bigarrengoan, ostera, Gorka Aranberrik zuzenduriko ontziak irauli egin eban banderea, bigarren luzean minutu erdi baino gehiago kenduta Bou Bizkaiari.

Goi mailako estropadea ikusi genduan joan zan domekan Kontxan. Orio eta Zierbenak hemeretzi minutu baino gitxiago behar izan ebezan joan etorria egiteko. Kontxaren historian, hiru ontzik bakarrik lortu dabe hemeretzi minutuko langaren behetik amaitzea. Bermeok eta Hondarribiak 2017an eta Castrok 2006an. Orio –zigorra kontuan hartu barik– Bermeoren errekorra hobetzetik hiru segundura geratu zan eta Zierbena seira. Ausnarketarako datuak arraunlarien maileak azken urteetan beherantz egin dauela esaten dabenentzat.

Ikusgarria izan zan Orio eta Zierbenaren arteko lehia, bakotxa estropada eremuaren bazter batetik. Honako hau da sortzen jatan itauna: Zergaitik murriztu da hainbeste traineru bien arteko aldea: galipoen meritoa da ala Orioren demeritua? Traineru horiak domekan egindako denpora itzela ikusita, esango neuke bizkaitarrek hobetu egin dabela euren mailea eta unerik onenean iritsi dirala Kontxara.

Egia esateko, faltan bota neban itsaso apur bat egotea eta nire moduan, arraun talde askotako arduradunek eta arraunlariek. Izan be, itsasoa bare egonda oso gatxa da ezustekoak egotea eta indartsuenak nagusi izaten dira. Imajinatzen dozue zer izango zan Kontxako lehen jardunaldia, aurreko eguenean, sailkapen estropadan, egon zan itsaso txarra egon izan balitz?

Lehen jardunaldiko estropadan gertatutakoa ikusita, esango neuke hondino be, Orioko trainerua dala faborito nagusia Kontxako banderea irabazteko. Izan be, Zabalaren ekipoa izan zan azkarrena, zigorrak bigarren postura bialdu eban arren. Zierbena, aukera historiko baten aurrean dago. Izan be galipoek ez dabe sekula irabazi Donostiako banderea eta aurten aukera ederra daukie historian sartzeko. Presino hori be arriskutsua izan daiteke Dani Perezen ekipoarentzat.

Ez dot uste zuzena izango litzatekeenik esatea aurtengo Kontxako banderea ontzi biren arteko kontua dala, hirugarren talde bat, Bermeo, sei segundora bakarrik egonda. Jon Salsamendiren koadrilea Orio eta Zierbena baino azkarragoa izan zan domekako estropadaren bigarren luzean. Lehenengoan, ostera, denpora gehiegi galdu eban. Ezer galtzeko barik, Bou Bizkaia aurkari arriskutsua izan daiteke domekan Donostian.

Osagarri guztiak lapikoan sartuta, garbi daukat domekan gozatu egingo dogula bigarren jardunaldian. Eta ia banderea Bizkaira datorren. l