Ernesto Valverdek lasai egingo eban lo astelehen gauean, Aymeric Laportek Athleticen jokatuko dauela esan eutsoenean. Valverdek eta Athletic zaleok be bai. Izan be, 2025-26 denporaldi historikorako plantilea herren egoan atzealdeko erdialdeari jagokonez, Unai Egiluz lesinoaren eta Yeray Alvarezegaz gertatutakoaren ostean. Egia esan behar badot, ez daukat bape argi zer jazo dan Barakaldoko atzelariagaz. Dakigun gauza bakarra da positibo emon ebala UEFAk egindako dopinaren aurkako kontrol baten. Hortik aurrerakoan galduta nago, eta nire moduan Athletic zale gehienak. Yeray desagertuta, baztertuta dago eta inork ez daki zer gertatutako dan. Oso larria da jokalariagaz jazo dana eta ahazten hasita gagoz ezer gertatu izan ez balitz lez.

Kontuak kontu, Athletic urteera bako kalezulo estu baten sartuta egoan, zentral bigaz bakarrik, exijentzia handiko denporaldiari ekiteko. Danok pentsaten genduan, arinago edo beranduago, Laportek akordioa adostuko ebala Arabiako taldeagaz, kontratua eten eta Athleticera etorteko. Azkenean, atzelari frantziarrak zuri-gorriz jantzita jokatuko dau baina nonoiz jakingo dogu zergaitik luzatu dan hainbeste –merkatuaren azken eguneko iluntzean– kontratua hausteko negoziazinoa. Diru kontuakaitik, noski.

Eta ez dogu jakingo, zenbat diru erabili dauen eta erabiliko dauen Athleticek, Aymeric Laporteren kontratazinoa ordaintzeko. Edozelan be, klubak apostu gogorra egin dau 31 urteko jokalaria fitxatzeko. Ganera, Arabiako ligan jokatu dau azken denporaldi bietan eta ez dau partidurik jokatu apiriletik. Itxaron daigun danak ondo urtetea eta Laporte jokalari garrantzitsua izatea aurten eta hurrengo denporaldi bietan.

Valverdek hiru erdiko atzelari ditu orain bere aginduetara: Vivian, Paredes eta Laporte. Hirurak goi mailakoak. Halandabe, igaz laugarren zentral bat ekarteko eskatu eban Valverdek eta Unai Nuñez iritsi zan bueltan Lezamara. Athleticek lau txapelketa jokatuko ditu aurten, –Txapeldunen ligea tartean dala– eta ez dot pentsa gura zelan geratuko litzateken talde zuri-gorria erdiko atzelariren bat lesionatu ezkero.

Udako merkatuan Europa mailako taldeek gastau daben dirutzak ikusteak lagundu egiten gaitu Athletic zein testuinguruan lehiatzen dan ulertzeko. Ez dakit zenbat diru erabili dauen Uriartek zuzentzen dauen klubak Areso, Navarro eta Laporte ekarteko. Atletico de Madridek 176 milioi gastau dauz taldea indartzeko, Real Madridek 167,5, Vila-realek 102 eta Betisek 62- Eta zer esango dogu Premier Leagueko taldeen ganean. Athleticek egiten dauenak merito ikaragarria dauka, ezelango zalantza barik.

Eta hori guztia, Ernesto Valverderen taldea lider dagoala, liga txapelketako lehen hiru partiduak irabazita. Sevillaren aurkako partidu zoroaren ostean –dana dala hiru puntuak Bilbon geratu ziran– Athleticek aurrerapausuak emon dauz hurrengo bietan, igaz erakutsitako sendotasuna eskuratzeko bidean. Jokalari zuri-gorri gehienak, edo ia guztiak, ez dagoz sasoi betean –normala dan moduan denporaldiaren hasieran gagozala kontutan hartuta– baina taldea ederto lehiatzen da, defenditzeko sendotasunean oinarrituta, eta dinamika positibo ezin hobean dago murgilduta. Barriro nabarmendu gura dot orain inor be ez dala gogoratzen taldeak denporaldi aurreko partiduetan lortutako emaitza txarrez. Oso baikor nengoan liga txapelketea hasi aurretik eta are baikorrago orain lehen hiru partiduetako emaitza bikainen ondoren. Seguru nago aurten be gozatu egingo dogula Athleticegaz.