Eusko Label Ligako estropada erdiak jokatuta, Frantziako Tourraren antza hartzen deutsat. Lehiakide bat dago beste guztien ganetik baina ezin ditu etapa guztiak irabazi. Halandabe, garbi dago beste guztiak baino indartsuagoa dala eta ia inork ez dau zalantzan ipinten ligea berarentzat izango danik. Tadej Pogacarrek “erraz” irabazi dau aurtengo Frantziako Tourra, bigarrenari, Jonas Vingegaardi lau minututik gorako aldea kenduta sailkapen nagusian. Eslobeniarrak, baina, lau etapa “baino” ez ditu irabazi hogetabatetik. Ben Healy, O Connor, Sean Yates, Tim Merlierrek edota Van Aertek, besteak beste, euren aukerak baliatu ditue etapa garaipenak eskuratzeko. Halandabe, Pogacarren nagusitasuna erabatekoa izan da.

Txirrindulari eslobeniarraren irabazteko gose asegatxa dauka Orioko ekipoak. Datuak hortxe dagoz. Aurtengo Eusko Label Ligearen lehen hamar estropadak jokatuta, zazpi garaipen eskuratu ditu, bigarren izan da bi bider eta hirugarren Donostiako badian jokatutako lehian. Irabazi egiten dau gehienetan eta galtzen dauenean be ez dau amore emoten. Azken astegoienean erraz nagusitu da Hondarribian baina garaipenak ihes egin deutso Lekeition, Zierbenak lapurtuta. Estropada bi gitxiago geratzen dira ligea amaitzeko eta Oriok handitu egin dau bigarrenarekiko aldea. Hamasei puntuko aldeagaz ekin eutson asteburuari eta hemeretzikoagaz amaitu dau. Oriotarren erregulartasuna erakusten dauen datua: Hondarribia eta Lekeitioko estropadetan jokatutako zortzi luzeetan, bostetan horiak izan dira azkarrenak.

116 puntuko uzta bikaina lortu dabe oriotarrek lehen hamar estropadetan, hori bai, Urdaibaik igaz lortutakoa baino puntu bat makalagoa. Liderraren sendotasuna nabarmena da, bai, baina nabarmenagoa da atzetik dituen taldeen irregulartasuna. Lekeition nagusi izan dan Zierbena bosgarren geratu zan zapatuan Hondarribian eta bederatzigarren aste bete lehenago Castron. Donostiarraren errendimendua egonkortu egin da eta lehen hiruren artean sailkatu da azken lau estropadetan. Frantziako Tourrean etapa garaipenak lortu dabezan txirrindularien moduan, Zierbenak eta Donostiarrak itsasoak emoten deutsiezan aukerak baliatzen asmatu behar dabe, galipoek domekan Lekeition egin eben moduan. Oriori lehen kaletik aritzea egokitu jakon –Lekeition lehen kalea berezia da beti, onerako eta, gehienetan, txarrerako- eta Zierbenak bigarren txandan arituta, banderea kendu eutson talde horiari. Dani Perezek zuzentzen dauen taldeak lortutako garaipenak bizitu egin dau lehiaketea, garbi erakutsi dauelako edozein estropadetan oriotarren nagusietasuna apurtzeko gauza diralako.

Asteburu gazi-gozoa izan da Bermeo-Urdaibairentzat. Bou Bizkaiak denporaldiko emaitzarik onena lortu eban zapatuan Hondarribian eta ohorezko txandan lehiatu zan domekan Lekeition. Lehen hiru luzeetan ederto ibili ostean, Salsamendiren ekipoak postu bi galdu ebazan azken luzean ia olatu bat bera be hartu barik amaitu ostean. Aztertzeko kontua. Edozelan be, horixe da bidea.

Lekittarra zortzigarren sailkatu zan Hondarribian, zortzigarren Lekeition eta zortzigarren dago sailkapen nagusian promozino postutik 24 puntura. Erregulartasun matematikoa. Bigarren txandan sendotzea izango da da lekeitiarren helburua hurrengo estropadetan. Gauza bera esan daiteke Ondarroaren ganean. Hondarribiako estropadan ez eben zorterik izan kaleagaz baina zazpigarren postua eskuratu eben domekan etxe ondoan. Lehen txandako traineru indartsuena da eta beherantz barik gorantz begira dago.

Lehen hamar estropadek garbi erakutsi dabe Kaiku eta Cabo dirala Eusko Label Ligako talderik makalenak. Galiziarrak hautagai nagusiak dira zuzenean jaisteko eta Kaiku promozinora begira dago, aurretik dituen traineruak gero eta urrunago dagoz-eta. Lan gatxa eta nekeza dauka aurretik Jon Elortegik hile ta erdi geratzen da-eta promozinorako. l