Musikariei jaialdia amaitu ostean ordaindu behar jakela esaten eban Luis Fernandezek, Athleticeko entrenatzaile izandakoak, balorazinoak egiteko denporaldia amaitu arte itxaron behar dala azaltzeko. Hilabete be ez da bete 2025eko Eusko Label Ligea hasi danetik eta zortzi estropada bakarrik jokatu diran arren –hamabi geratzen dira aurretik– erregulartasunaren lehiaketea erabagitzen hasita dagoala esan geinke. Oriok larogeta hamahiru puntuko uztea lortu dau lehen zortzi estropadetan, sei bandera eskuratuta, ganera. Iker Zabalaren ekipoa hirugarren sailkatu zan Donostiako estropadan –hirugarren jardunaldian– eta bigarren izan zan Pasaiako erlojupekoan. Beraz, Oriokoa trainerurik indartsuena ezeze, erregularrena be izan da. Aurreko denporaldiagaz alderatuta, Urdaibaik beste horrenbeste puntu eskuratu ebazan lehen zortzi jardunaldietan. Sailkapeneko bigarrenak, Zierbenak, ostera, hirurogeta hamazazpi puntu lortu ditu aurten, igaz baino bederatzi gitxiago.

Hamasei puntuko aldea kentzen deutso liderrak sailkapeneko bigarrenari eta hamabi estropada dagoz jokatzeko. Teorian, alde handia izanda be, denporaldi erdia baino gehiago dago jokatzeko eta ezin da esan Eusko Label Ligea erabagita dagoanik. Gogoratzea baino ez dago, Hondarribiari gertatu jakona orain dala urte bi Getariako estropadan. Halandabe, orain artekoa nondik nora joan dan ikusita, Oriok oso ondo bideratuta dauka aurtengo Eusko Label Ligea. Alde batetik horiak oso indartsu eta oso erregular agertu diralako. Bestetik, sailkapenean atzetik dituen traineru biek gora behera handiak agertu ditue euren errendimenduan eta Dani Perez, Zierbenako entrenatzaileak esan dauen moduan, erregulartasuna ezinbestekoa da Eusko Label Ligea irabazteko benetako hautagai izateko. Halandaze, gauza asko gertatu daitekez datozen asteetan baina oso gatx ikusten dot –ia ezinezkoa– Oriori ihes egitea aurtengo Eusko Label Ligeak.

Bermeo-Urdaibaik etapa barri bati ekin deutso aurten, azken hiru denporaldietan jaun eta jabe izan ondoren. Bou Bizkaiak bere lekua bilatu behar dauela esaten eban Jon Salsamendi entrenatzaileak. Zortzi jardunaldi jokatu ostean, badirudi, bermeotarrek hondino ez dabela aurkitu euren lekua. Pasaian eta Orio makal ibili ostean, susperraldia erakutsi eben Getxon eta barriro jausi dira Castron. Ganera, ohorezko txandatik kanpo geratu dira, Hondarribiaren mesedetan, eta gatx eukiko dabe lau onenen multzora itzultzea. Halanda be, Salsamendik esku artean daukan ekipoaren lekua ohorezko txandan dago.

Ez da astegoien gozoa izan Lekittarrarentzat. Zortzigarren geratu ziran Getxon eta azken aurreko posturaino jausi ziran Castron domekan. Halandabe, Lekittarrak azken denporaldi bietan zortzi jardunaldi jokatu ostean eukan puntu kopuru bardina dauka aurten, hogeta hemeretzikoa hain zuzen be. Beraz, lehiaketea ondo doa Isuntzarentzat.

Estropada on bi kateatu gura ebazan Iñaki Errastik, Ondarroako entrenatzaileak, sailkapeneko beheko aldetik urrundu eta konfiantzea hartzeko. Bederatzigarren geratu zan Antiguako Ama Getxon eta seigarren Castron. Sailkapeneko hamargarren postuan egon arren, Ondarroak hambost puntuko aldea kentzen deutso hamaikagarrenari eta lau puntura dauka zortzigarrena. Ganera, tosta arteko sentsazinoak onak dira.

Kaikuren egoerea ez da bape erraza. Sailkapeneko hamaikagarren postutik ekin eutson astegoeinari eta leku horretan segiduten dau. Handitu egin dau –puntu bi gehiago– azken sailkatuarekiko aldea baina gero eta urrunago dauka hamargarren postua. Kanpotik aztertuta, pentsa lei hurrago dituela goiko traineruak beheko baino.