Hiru estropada jokatu dira eta hirurek kolore bakarra euki dabe: Orioko traineruaren horia. Lehia bat suerteak lagunduta irabazi daiteke. Bi holan irabaztea oso gatxa litzateke eta hirutan kasualidadez nagusitzea ezinezkoa litzateke. Ekainaren lehen hambostaldian ikusitakoaren arabera, garbi esan geinke Orio ganerako traineruen ganetik dagoala. Egia da, alde txikiak egon dirala hiru txapelketetan. Hiru segundukoa Donostiarrarekiko Gipuzkoa eta Euskadikoetan eta bostekoa Zierbenarekiko Castron jokatuko lehian. Alde txikiak dira, bai, baina hiru estropadetan traineru berbera izan da garaile. Aurreko hiru denporaldietan Bermeon egindakoa errepikatzen hasi da Iker Zabala Orion.
Denporaldia hasi baino ez da egin. Ez dogu ahaztu behar hiru aste barru jokatuko dala Eusko Label Ligearen lehen jardunaldia eta traineruek hogei estropada izango ditue aurretik, Kontxako hirurak be ahaztu barik. Aurtengo arraunlarien lanaldia inoiz baino luzeagoa izango da eta gora beherak egon daitezke traineruen errendimenduan. Halandabe, Orio hasi da erakusten faborito nagusi izatearen arrazoiak. Alde batetik, Iker Zabalak zuzentzen dauen traineruaren erregulartasuna azpimarratu behar da, lehenengo postuan sailkatu da-eta orain arte jokatutako hiru estropadetan. Aurkariak, ostera, gora beheratsu ibili dira. Donostiarra garaipenetik hurre ibili zan Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketetan baina hamalau segundura sailkatu zan Castron. Zierbena ederto aritu zan Mundakan eta Espainiako txapelketan baina Euskadikoan urrun geratu zan lehen postutik, hamar segundora hain zuzen. Bermeori jagokonez, lehenengo luzerako Bizkaiko txapelketea irabazteko lehiatik kanpo geratu zan zazpi segundu galduta eta antzeko zeozer gertatu jako Castron. Bou Bizkaiak ez deutso hasiera ona emon denporaldiari. Kontuak kontu, Orioko trainerua izan da erregularrena orain arte jokatutako hiru estropadetan.
Beste alde batetik, eta Eusko Label Ligara begira, ez dogu ahaztu behar arraun taldeek harrobiko lau arraunlari ontziratu beharko dabezala –igaz baino bat gehiago eta datorren urtean baino bat gitxiago– estropada guztietan. Alde horretatik, Oriok ez dau ezelango arazorik izango arau barrira egokitzeko traineruaren azkartasunean eragin negatiborik euki barik. Castron jokatutako azken estropadan, Zabalak harrobiko lau mutil ontziratu ebazan. Zierbenan arraunlari bi eta patroia izan ziran harrobikoak. Gauza bera Donostiarran. Bermeoko traineruan Salsamendik harrobiko mutil bi ipini ebazan hasierako hamalaukoan. Beraz, pentsa daiteke, Zierbenan, Donostiarran eta Urdaibain eragin handiagoa euki leikela arau barriak Orion baino.
Beste alde batetik, arraunlariek aste beteko atsedena euki dabe estropada batetik bestera denporaldi hasiera honetan, Castron zapatuan sailkatzeko lehia jokatu baeben be. Ikusteko dago zelan erantzungo daben traineruek Eusko Label Ligan lehia handiko estropada bi jokatuko dabezanean hamazortzi orduko tartean. Orduan ikusiko da nork daukan plantilarik indartsuena.
Aitamen txiki bat Castron jokatutako Espainiako txapelketaren ganean, antolakuntzearen ganean batez be. Itsasoa bare-bare egon arren, arazoak egon ziran balizakaz, zapatuan zein domekan. Estropada eremua ez egoan ondo babestuta. Traineruek ez eben GPSrik eroan eta, ganera, oso berandu emoten ebezan ziabogetako denporak. Negargarria benetan.