Traineru denporaldia inoizko luzeena izango da. Ekainaren 1ean lehen estropada ofiziala jokatu ostean –Bizkaiko txapelketea Mundakan– arraunlariek ia ez dabe atsedenik eukiko irailaren 21ean azken estropadea jokatu arte Portugaleteko uretan. Beraz, hondino goizegi da ondorio sakonak atarateko, gauzak aldatu egin daitekez-eta hain luzea izango dan denporaldi baten. Halanda be, lehen zantzuak ikusten hasi gara, lehiaketea nondik-nora joan daitekeen ulertzen hasteko. Lehen ondorio bat: Orio, Donostiarra, Bermeo eta Zierbena egongo dira ohorezko txandan. Pentsa lei ganerako traineru guztien ganetik dagozala. Getaria, San Juan eta Hondarribia bigarren tropeltxo baten agertzen dira eta hortik aurrera ganerako guztiak: Lekittarra, Ondarroa, Kaiku, Cabo eta Ares.
Alde batetik, uretara jauzi egin aurretik danok aurreikusten genduan Orioren faboritotasuna indarra hartzen dabil. Zabalaren mutilek ia estropada guztiak irabazi ditue orain arte, traineru txikietan zein traineruetan. Entrenatzaile barriak esperientzia handiko arraunlariak eta patroia fitxatu ditu eta horregaz batera goi mailako harrobiko mutil ugari ditu plantilan. Bost denporaldi daroaz Zabalak gailurrean –bi Santurtzin eta azken hirurak Bermeon– eta inor baino lehiakorragoa dala kontuan izanda, zalantza barik esan geinke Orio faborito nagusia dala denporaldi honetan. Gipuzkoako txapelketan larri ibili zan Donostiarrari aurrea hartzeko. Euskadikoan be, alde txikia egon da traineru bien artean baina uste dot horiek kontrolpean euki dabela estropadea hasieratik amaierara arte.
Donostiarra da Oriorengandik hurren ibili dan trainerua. Pentsa lei, Igor Makazagak zuzentzen dauen traineruak aurrepausu bat emon gura dauela aurten. Oso maila ona emon dau lehen estropada bietan eta kontuan hartzeko trainerua izango da.
Aurtengoa ez da denporaldi erraza izango Bermeoko Arraun Elkarteko traineruarentzat. Aurreko hiru denporaldietan bandera gehienak irabazi ostean –zama hori oso astuna izan daiteke Salsamendiren koadrilarentzat– aldaketa sakonak egon dira taldean. Bou Bizkaia ez zan fin ibili Mundakan jokatutako estraineko estropadan. Euskadiko txapelketan, ostera, itxura hobea emon eta Bizkaiko lehen trainerua izan da sailkapenean brontzezko dominea eskuratuta. Jon Salsamendi entrenatzaileak, sekulako balioa emon deutso hirugarren postuan amaitu izanari ekipoa nondik datorren kontuan izanda. Edozelan be, Bermeon irabaztera ohituta dagoz eta Bou Bizkaia, oraingoz behintzat, urruntxu dabil banderak eskuratzeko lehiatik. Ez da erraza esatea noraino heldu daitekeen aurten.
Zierbenarentzat estropada garratza izan da domekan Bermeon jokatutakoa. Dani Perezen mutilak bizi-bizi abiatu ziran Euskadiko txapelaren bila eta estropadaren buruan ibili ziran lehen luze bietan Oriogaz batera. Handik aurrera, ostera, beherakada nabarmena euki eben eta laugarren sartu ziran helmugan. Mundakan ez ziran munduko onenak eta aste bete beranduago ez dira txarrenak. Zierbena traineru lehiakorra izango da aurten be.
Isuntzari jagokonez ez eban protagonismo handirik izan Euskadiko txapelketan. Lekeitiarrek denpora asko galdu eben lehen luzean eta zama horregaz egin eben estropada osoa. Aurreko domekan Mundakan jokatutako lehiagaz alderatuta, Lekittarra urrunago geratu da lehen sailkatuetatik. Zierbenak 21 segundo kendu eutsazan Bizkaiko txapelketan eta 39 Euskadikoan. Bermeok 14 segundo Mundakan eta 40 domeka honetan. Datuak baino ez dira.
Eusko Label Ligako ekipoek lau aste luze daukiez aurretik orain arte egindakoa ondo aztertu eta azken ikutuak emoteko traineruari.