Ezer baino lehen, ez pentsa latina menderatzen dodanik. Ezta antzik be! Edozelan be, oso garbi daukat orainaz gozatu behar dogula. Hilebete baino gitxiago geratzen da 2024-25 denporaldia amaitzeko. Athleticek zazpi partidu jokatuko ditu gitxienez: liga txapelketako bost eta Manchester Uniteden aurkako Europako Ligako final aurrekoetako kanporaketako biak. Zortzigarren bat be jokatu leike finalerako sailkapena lortu ezkero, maitzaren 21ean San Mamesen. Halanda ze, denporaldiaren azken txanpa erabakigarriari ekingo deutsoe zuri-gorriek datorren eguenetik aurrera. Luis Fernandez, Athleticeko entrenatzaile izandakoak esaten eban, musikariei emonaldia eta gero ordaindu behar jakela, denporaldi baten balorazinoa lehia amaitu ostean egin behar dala azaltzeko. Ernesto Valverdek be esan dau hondino ez daukala erabagita zer egingo dauen etorkizunean eta denporaldia amaitu arte itxaron gura dau erabagia arre edo iso esateko.
Ba, nire uste apalean, ez gara denporaldiaren amaieraren zain egon behar musikariei ordaindu eta kanpainaren balorazino bat egiteko. Inork ez daki zer gertatutako dan datozen zazpi edo zortzi partiduetan -seguru nago zuri-gorriek orain arte erakutsitako sendotasunari eutsiko deutsoela- baina jazoten dana jazoten dala Athleticen denporaldia bikaina izango da. Gatxa izango da Manchester Uniteden aurka kanporaketea gainditu eta Europako Ligako finalerako sailkapena eskuratzea baina azken emaitzaren zain egon beharrean gozatu daigun ingelesen aurkako partidu biekaz. Ez dogu ahaztu behar Athletic hiru bider bakarrik heldu dala bere 127 urteko historian Europa mailako final aurreko bat jokatzera. Datorren eguenekoa jardunaldi gogoangarria izango da Bilbon eta Bizkaia osoan. Europako talde ospetsuenetakoaren aurka jokatuko dau Valverderen taldeak. Manchester Unitedek bi bider irabazi dau Txapeldunen Ligea, eta beste baten Europako kopea, Errekopea eta Europako ligea, Ingalaterran irabazitako hogei ligak ahaztu barik. Goi mailako aurkaria Europako Ligako finalerako sailkatzeko borrokan. Beraz, deabru gorrien aurkako kanporaketak osagarri guztiak ditu hitzordu ezin erkargarriagoa izateko.
Beste alde batetik, eta liga txapelketeari jagokonez, bost jardunaldiren faltan zuri-gorriek eskuan daukie hurrengo denporaldian Europa mailan jokatzeko sailkapena. Bikaina benetan. Ganera, ondo bidean, Athleticek Txapeldunen Ligea jokatuko dau hurrengo urtean. Ezin da gehiago eskatu. Emon deiogun merezi dauen garrantzia taldeak orain arte egin eta lortu dauenari, azken partiduaren zain egon barik.
Ernesto Valverdek joko erasokorraren aldeko apostua egin izan dau beti eta sarritan esan dogu Athleticek aurrelariaren atzetik daukan hiruko lerroa -Williams anaiek, Sancetek eta Berenguerrek osatutakoa, Galarreta eta Jauregizarren babesagaz- Europa mailako onenetakoa dala. Denporaldi honetako datuak aztertu ezkero, ostera, garbi ikusten da defenditzeko sendotasuna izan dala zuri-gorrien armarik onena. Ligako beste edozein taldek baino gol gitxiago jaso dabez -26 bakarrik 33 jardunalditan- eta bi bakarrik jaso ditue azken zortzi partiduetan. Datu ikaragarriak dira. Golik jaso ezean garaipena hurrago egoten da beti. Vivian, Yeray eta enparauek emoten daben nasaitasunagaz errezagoa da golak sartzea. Kontuak kontu, egun ederrak doguz aurretik, Manchester Uniteden aurkako partiduen artean Realaren aurkako derbia dagoala ahaztu barik. Arestian esan bezala, gozatu daigun Athleticek lortu dauenagaz, lortu leikeanaren zain egon barik.