Aspaldion gura baino gehiagotan erabilitako esaldia berreskuratu eban Ernesto Valverdek balioa emoteko Vila-realen aurkako partiduan lortutako bardinketeari: puntu bat gehiago eta partidu bat gitxiago. Nahi baino gehiagotan dinot, ze esaldi hori erabilteak esan gura dau taldeak ez dauela garaipena lortu. Oraingo honetan arrazoi osoa emon behar jako Athleticeko entrenatzaileari, La Ceramican eskuratutako puntuak urrearen balioa dauka-eta. Alde batetik, bardinketeari esker zuri-gorriek eutsi egiten deutselako atzetik dabezan taldeekiko aldeari eta bestetik gol average dalakoa bere alde izatea lortu dauelako, liga amaieran egon daiteken balizko bardinketa baterako. Ganera, domekakoa ez zan izan zuri-gorrien partidurik onena denporaldi honetan, lehenengo zatian batez be. Valverderen taldea menderatuta egon zan minutu askotan -ez da ohikoa holan ikustea zuri-gorriak, baloiaren atzetik korrika- eta egia esateko ez eban merito handirik egin puntu bat baino gehiago eskuratzeko. Kontuak kontu, Osasunaren aurka, emaitza bereko partiduan- talde zuri-gorriak puntu bi galdu ebazan arren, La Ceramican balio handiko puntua eskuratu dau.

Berrogeta hiru partidu jokatu ditu Athleticek igazko abuztuaren 15ean Getaferen aurka lehiatu zanetik San Mamesen 2024-25 denporaldiko lehen partiduan. Ikasturte futbolistikoa azken txanpan sartuta dago eta, ondo bidean, Valverderen ekipoak beste hamahiru norgehiagoka jokatuko ditu, zortzi ligan eta beste bost Europako Ligan. Gora baikortasuna! Sasoi honetara iritsita, esan beharrik ez dago emaitzak dirala gauzarik garrantzitsuena partiduetan, ondo jokatzea eta beste kontu batzuk bigarren maila baten itxita. 

Abiapuntu horregaz, argi esan geinke Athleticek emaitza ona lortu dauela Vila-realen aurkako finalean. Hiru puntuak lortu izan baleuz, sailkapeneko laugarren postua, eta ondorioz datorren denporaldian Txapeldunen ligan jokatzeko aukerea, ia ziurtatu egingo eban talde zuri-gorriak. Garaipena eskuratzetik urrun ibili zan La Ceramican baina ez eban galdu eta emaitza horrek sendotu egiten dau sailkapeneko laugarren postuan, lehen aitatutako gol-average dalakoaren kontua ahaztu barik, puntu bat gehiago da-eta. 

Beharbada Vila-realen eskuratutako puntuaren garrantziagaz geratu behar gara, sakontasunetan sartu barik taldeak erasoan erakutsitako ezintasuna aztertzeko. Valverderen ekipoak ez dau golik sartu -jaso bez, hori bai- azken jardunaldi bietan. Ganera, aukera garbirik be ez dau sortu aurkariaren atea zulatzeko. Eta ezintasun hori aztertzeko orduan, gizon biren izenak jatorkuz burura: Iñigo Ruiz de Galarreta eta Oihan Sancet. Jokalari honeek asko emoten deutsoe zuri-gorrien erasoko jokoari eta eurak barik indarra, eraginkortasuna eta argitasuna galtzen dau. Bereziak dira. Diferentzialak. Eurek egiten dabezan gauzak ez dauz beste inork egiten. Athleticek bere gizon onenak behar ditu datorrenari aurre egiteko. Vivian itzuli da -bikain ganera- eta antza danez, Ruiz de Galarreta eta Yeray prest egongo dira Rangersen aurkako partidurako. Oihan Sancet be lehiaketako erritmo apur bat hartuta iritsiko da egueneko lehiara. Topikoa izan arren, barriro azpimarratu behar dogu Athleticen bersinorik onena behar dogula. Zuri-gorriek badakie Vila-realen baino hobeto jokatzen eta euren mailarik onena berreskuratu behar dabe Ibrox estadioan. Hori bai, eta emaitzearen garrantzia beste kontu guztien ganetik jarrita, sinatuko neuke La Ceramican izandako emaitza berbera eskoziarren aurkako norgehiagokan -ondo jokatu barik bada be- kanporaketea San Mamesen erabagitzeko aukerea izateko.