Joan zan egueneko gau gogoangarriaren ostean, laino ganetik jaisteko eskatu eutsen Ernesto Valverdek taldeko jokalariei, handik ordu gitxira liga txapelketako partidu garrantzitsua jokatu behar ebelako Sevillaren aurka Sanchez Pizjuan estadioan. Garcia Pimientaren taldearen aurkako partiduan ikusitakoaren arabera, baina, zuri-gorriek ez dabe lainotik jaitsi gura. Partidu bikaina egin barik, baina seriotasun eta sendotasun handia erakutsita, aurkaria baino gehiago izan ziran bedartzan eta ondo merezitako garaipena eskuratu eben. Esan beharrik ez dago Pizjuanen lortutako puntuek urrearen balioa daukiela Txapeldunen Ligarako sailkatzeko borrokan. Denporaldia azken txanpan sartuta dagoanean, Athletic sasoi betean iritsiko da Liga txapelketako zein Europa Ligako une erabakigarrietara. Laugarren dago ligako sailkapenean eta zortzi puntura ditu atzetik datozen Vila-real eta Betis, erregulartasunaren lehiaketan hamar partidu bakarrik geratzen diranean. Hori gitxi balitz, Valverderen taldea Europa Ligako zortzi talde onenen artean dago eta lau partidu baino ez jakoz geratzen Bilbon jokatuko dan finalerako. Ez da ames bat, errealidade gozoa baino.
Erroma Europa Ligatik kanporatzeak eskatu eban esfortzu handitik errekuperatzeko asti barik ekin eutson Athleticek Sevillaren aurkako partiduari. Valverdek esan eban legez, Garcia Pimientaren taldea behetik gora etorren taldea zan. Ganera, historikoki Sanchez Pizjuan ez da sekula estadio gozoa izan zuri-gorrientzat. Athleticeko entrenatzaileak ia taldea osoa aldatu eban domekako partiduari ekiteko Erromaren aurka jokatu eben jokalari gehienei atsedena emonda. Arrazoi bategaitik edo besteagaitik, titular asko falta ziran hasierako hamaikakoan: Vivian, De Marcos, Yuri Berchiche, Ruiz de Galarreta, Jauregizar, Nico Williams eta Sancet besteak beste. Halanda be, zuri-gorriek ondo eutsi eutsoen aurkariari eta aukera garbi bi euki ebezan aurrea hartzeko markagailuan, erasoko jokoan gauza gitxi erakutsi arren. Normala be bazan, hainbeste aldaketa eginda. Lehen zatia amaitzear egoala epaileak Athleticek aldeko penaltia adierazo eban, Sevillako jokalari batek baloia eskuagaz ikutu ebalako area barruan. Berenguerrek hartu eban baloia baina Mikel Vesgari emon eutson, arabarrak jaurti eian eta honek ez eban asmau, atezainak geratu egin eutson-eta jaurtiketea. Egia da jaurtitzen dauenak huts egiten dauela baina Athleticek arazo bat dauka penaltiekaz. Ez da ahuntzaren gau erdiko eztula. Zorionez, ez gara hutsegite horretaz gogoratuko zuri-gorriek garaipena lortu ebelako. Edozelan be, kezkatzeko moduko kontua da, datozen partiduetan Txapeldunen ligarako sailkapena eta Europa Ligako txapela eskuratzeko borrokan egongo dan taldearentzat.
Hamabost partidu geratzen jakoz –hamabi gitxienez– talde zuri-gorriari denporaldia amaitu bitartean eta orain arte ikusitakoaren arabera, baikor egoteko arrazoiak emon deuskuz Valverderen ekipoak. Osasuna, Rayo Vallecano, Las Palmas, Alaves eta Bartzelonaren aurka jokatuko dau Athleticek San Mamesen eta Vila-real, Real Madrid, Reala, Getafe eta Valentziaren aurka etxetik kanpo, Rangersen aurkako kanporaketea ahaztu barik. Txapel bete lan. Datorren astegoieneko atsedenaldia ederto etorriko jako Txingurriri Vivian, Sancet eta Paredes berreskuratzeko eta plantilako ganerako jokalariak indarbarritzeko datorrenari aurre egiteko.
Bost egun igaro badira be Erromaren aurka San Mamesen jokatutako partidutik, hondino bizi-bizi daukadaz zuri-gorrien eta italiarren arteko lehian bizi izandako sentipen ederrak. Benetako Katedralaz eta sentimendu zuri-gorriaz gozatzeko aukerea euki genduan.