Talde batek denporaldi baten lortutako puntu guztien jatorria aztertuta, garbi ikusi geinke gehienak etxean lortutakoak dirala, are gehiago talde hori Athletic bada. Beraz, zuri-gorriek etxetik kanpo lortutako puntu guztiak ondo etorriak izan behar dira, eta Espanyolen zelaian irabazitakoak badira, gehiago hondino, Valverdek berak domekako partiduaren aurretik gogoratu eban lez, perikitoen estadioa ez da-eta inoiz gozoa izan zuri-gorrientzat. Domeka honetan lortutako bardinketeari jagokonez, ontzat emon behar dogu Athletic galtzeko zorian egon zan-eta Unai Simonek egindako akats ikaragarriaren ostean. Halanda be, autortu beharra dago, zuri-gorriek aukera ederra galdu dabela sailkapeneko goialdean sendotzeko. Hau da, atzetik indartsu datorren Vila-realekiko aldea handitu eta aurretik dagozan Real Madrid eta Atletico de Madridekiko aldea murrizteko. Topikoa bada be, gero eta partidu gitxiago geratzen dira Liga txapelketea amaitzeko –hamalau– eta hemendik aurrera puntu guztiek urrearen balioa eukiko dabe. Datorren denporaldian Txapeldunen Ligan jokatu gura dauen taldeak baliatu egin behar ditu horrelako aukerak. Izan be, Vila-realek edota Atletico de Madridek ez dabe puntu askorik galduko etxean –Athleticek hamaika egun barru jokatuko dau Metropolitanon– eta Real Madridek be ezin dau Iruñean bezalako huts gehiago egin Liga txapelketea irabazteko lasterketan.
Gironaren aurka ederto funtzionau eban hamaikakoaren bizkar hazurra errepikatu eban Valverdek Cornella-El Praten, atzealdeko hegalak eta aurrelaria bakarrik aldatuta. Talde zuri-gorria nagusi izan zan zelaian baina nagusitasun horrek ez eban islarik euki markagailuan, aurrealdeak ez ebalako zorroztasunik erakutsi. Espanyolek ez eban ia jaurti be egin Unai Simonen atera partidu osoan baina ederto baliatu eban Athleticeko atezainak egindako oparia. Futbola joko bat da eta edozein jokalarik huts egin leike. Noski baietz. Halandabe, Simonek Espanyolen aurkako partiduan egindakoa onartuezina da futbol profesionalean, are gehiago zure taldea Txapeldunen Ligarako sailkatzeko borrokan sartuta dagoanean.
Cuadra Fernandez epaileak geratu egin eban Espanyol eta Athleticen arteko partidua Cornella-El Prateko harmaila batetik irain arrazistak bota ebezalako Maroan Sannadiren aurka. Ederto jokatu eban epaileak, horrelako kontuak onartuezinak diralako. Baina zer gertatzen da irainak arrazistak ez badira? Onartuta dagoz? Danok dakigu asteburuero Bizkaiko zelaietan jokatzen diran ehundaka partiduetan epaileek, batez be, edozer entzun behar dabela. Irain larriak izan arren, partidua ez da eteten. Pentsa lei, epailea iraintzea normalizatuta dagoala. Sarrerea ordaintzen dauenak eskubidea dauka arbitroari edozer esateko. Holan izan da beti. Hori, bai, iraina arrazistea bada, partidua eten eta gertakizuna Teleberrian agertuko da. Jon Uriarte, Athleticeko presidenteak aurreko asteko agerraldian esan eban lez, errespetua nagusi izan behar da zelaietan, San Mamesetik hasita. Danon artean futbola garbitu eta erabarritu behar dogu.
Ezin amaitu Athleticen emakumezkoen taldearen ibilibide bikaina goraipatu barik. David Aznarren taldeak garaipen handia lortu eban Realaren aurkako derbian eta Txapeldunen Ligako postuetan dago. Zaleriak ederto erantzun eban eta garbi dago emakumezkoen taldeak ahalik eta partidu gehien jokatu behar dituela San Mamesen.