Urteko hirugarren partidua jokatuko dau Athleticek. San Mamesen izango da, etzi, Osasunaren aurka, kopa txapelketako final zortzirenetako kanporaketan. Egia esateko, Valverderen taldeak 2025 urtean jokatu dituen partidu bietan ez dogu ikusi igaz urte gogoangarria egin eban ekipoa. Logroñon zuri-gorriak kanporatuta geratzeko zorian egon ziran, federazinoaren bigarren mailako talde baten aurka ezinean ibili ostean. Superkopako finalaurrekoan hobeto ibili bazan be, ez eban zeregin handirik izan Bartzelonaren kontra. Esan beharra dago, Logroñon zein King Abdallah estadioan Valverdek ez ebala bere ekiporik indartsuena zelairatu. Kopako kanporaketan beste jokalari batzuk ipintea erabagi ebalako eta superkopan ezin izan ebazalako jarri Sancet, Ruiz de Galarreta, Nico Williams eta Oscar de Marcos, talde honetan pisu handia daukien lau jokalari. Kontuak kontu, Athletic zaleok irrikan gagoz talde zuri-gorriaren bersinorik onena, aurreko urtean gozatzeko aukera ugari emon euskuna, ikusteko. Hirugarrenean bai.

Izan be, Valverderen gizonek euren mailarik onena erakutsi beharko dabe kopako final zortzirenak jokatzeko sailkatu gura badabe. Garbi dago Osasuna ez dala aurkari erreza izango, aurreko urteko azken partiduan Sadarren bertan jokatutako partidua irabazi arren. Hondino gogoan daukagu orduan Jagoba Arrasatek zuzendutako talde nafarrak Athetic kopako finaletik kanpo itxi ebanean, bueltako partidua San Mamesen jokatu arren. Egia esateko, entrenatzaile aldaketeagaz pentsetan neban Osasunak indarra galduko ebala baina emaitzek garbi erakusten deuskue talde nafarraren errendimenduak ez dauela beherakadarik izan Vicente Morenoren eskutik. Azken jardunaldian be, Atletico de Madridek izerdi asko bota behar izan eban Metropolitanon Osasuna menderatzeko. Ganera, nafarren entrenatzaileak atsedena emon eutsen titular batzuri –Areso, Moncayola edota Ante Budimirri besteak beste– egueneko partidura begira.

Ez da bape erreza izango Osasuna kanporatzea. Halanda be, aurkariak baino, Athleticen errendimenduak kezkatzen nau gehien. Eta Oihan Sancet da, batez be, kezka hori eragiten deustana. Abenduaren 21ean lesionau zan Sadarren eta ordutik eta hona ez dau barriro jokatu. Ez kopako partiduan Logroñon ezta superkopako finalaurrekoan Saudi Arabian. Hori gitxi balitz, deialdian be ezin izan eban sartu Ernesto Valverdek eta ez dau parte hartu egunotan zuri-gorriek Lezaman egin dabezan entrenamentuetan. Ondorioz pentsa geinke gatx eukiko dauela egueneko partiduan parte hartzea orkatila hori osatu barik dagoalako. Holan bada, Athleticentzat hutsune handia izango da Sancetek itxiko dauena. Zorionez, Ruiz de Galarreta, Nico Williams eta Oscar de Marcos hasieratik jokatzeko badagoz be, esango neuke Sancet dala taldearen jokoan, erasokoan batez be, eragin handiena daukan jokalaria. Beste alde batetik, ez dogu ahaztu behar Iñigo Ruiz de Galarretak be ez dauela partidurik jokatu joan zan abenduaren 21etik eta lehiaketa erritmo faltea igarri leike egueneko partiduan. Osasunan, ostera, Vicente Morenok plantilako jokalari guztiak ditu jokatzeko prest, azken asteetan lesionaturik egon dan Bryan Zaragoza aurrelaria be erabat errekuperatuta dago-eta.

Edozelan be, eta Osasunaren aurkako partidua San Mamesen jokatuko dala kontuan izanda, Ernesto Valverderen taldea da faboritoa final laurenetan sartzeko. Azken partidu bietan makal ibili arren, talde honek askotan erakutsi deusku edozein aurkari menderatzeko gauza dala, Katedralean batez be. Zaleriak ez dau hutsik egingo eta bultzatu egingo dau taldea.

Ander Herrera ez da Katedralean egongo etziko partiduan eta internet bidez ikusiko dau partidua ordurako Argentinan egongo dalako. Ez dot uste taldeak faltan botako dauenik, Mikel Gonzalez, Athleticeko kirol zuzendariak oso jokalari garrantzitsua dala esan arren, Saudi Arabian egindako prentsa agerraldian. Zer ete da jokalari garrantzitsua izatea minutu gehien jokatu dabenen zerrendan hogeta hirugarren postuan egonda? Ez dot piperrik be ulertzen. Athleticek P.S.Gtik ekarri ebanetik emondako errendimendua ikusita –egun asko lesionaturik emon dauz- ezin esan operazinoa onuragarria izan danik klubarentzat. Guztiz kontrakoa.