Denporaldiko hamalaugarren partidua jokatu eban Athleticek domekan Jose Zorrillan estadioan eta orain arte ikusi dogun txarrena izan dala esango neuke. Pentsa lei, Europa mailako txapelketa baten jokatzearen faktura ordaintzen dabilela Ernesto Valverderen taldea. Datuak hortxe dagoz. Izan be, Athleticek ez dau garaipenik lortu Europa Leagueko partidu baten osteko jardunaldietan. Bardindu egin eban Sevillaren aurka San Mamesen Erroman jokatu ostean, galdu egin eban Gironan –hiru penalti huts eginda– Az Alkmaarren aurkako partidua irabazi ostean, puntu bakarra eskuratu eban Mallorcan minutu askotan gizon bat gehiagogaz jokatuta Pragako Slavia menderatu ostean eta azkenik bardindu egin dau Valladoliden zelaian –galtzeko zorian egon ostean– aurreko eguenean Bulgarian nagusitu ostean.
Ernesto Valverdek aldaketa ugari egin ebazan hamaikakoan Pucelako partidura begira. Gazteen aldeko apostu garbia egin eban Athleticeko entrenatzaileak inoizko hamaikako gazteena zelairatuta. Pozgarria izan da, Agirrezabala, Boiro, Paredes, Jauregizar, Prados, Unai Gomez, Nico Serrano eta Nico Williams ikustea hasierako hamaikakoan, Yeray, Berenguer eta De Marcos beteranoekaz batera. Apostuak, baina, ez eban aurretik itxarondako emaitzea ekarri. Zuri-gorriak zelaian nagusi ziran arren, ez eben arriskurik sortzen aurkariaren ate aurrean. Ganera, zelai erdiko jokalari biek txartel hori bana ikusi eben lehenengo zatian. Prados aldageletarako bidea hartzeko zorian egon zan.
Ez da ohikoa Ernesto Valverde hamaikakoan aldaketak egiten hastea atsedenaldian baina Pucelan hiru egin ebazan lehen zatian gertatutakoa ikusita. Ludogoretsen aurkako partiduan aulkitik urten eben jokalarien ekarpena erabakigarria izan bazan taldearen jokoa berbiztu eta markagailua iraultzeko, Valladoliden aurkako partiduaren atsedenaldian egindako hiru aldaketek ez eben gauza handirik aldatu. Kezka-tzen hasteko modukoa da Alvaro Djaloren errendimendu eskasa. Minutu ugari jokatzeko aukerea emon deutso Valverdek azken partiduetan baina Bragatik fitxatutako jokalariaren errendimendua makala baino makalagoa izaten ari da. Jokoz kanpo dabil eta Athleticek behar dau. Gorka Guruzeta izan zan Valverderen laugarren aldaketea eta bere parte hartzea erabakigarria izan zan, garaipenaren gola sartzeaz ganera burukominak eragin eutsazan-eta Valladoliden atzealdeari.
Partiduaren balorazino orokorra egiteko orduan, beti lez, botilea erdi beterik edo erdi hutsik ikusi geinke. Irakurketa baikorra egin gura izan ezkero, Athleticek ez dau galdu etxetik kanpo, partidu negargarria egin arren. Kritikoak izanda, Valverderen taldeak beste aukera on bat alperrik galdu dau hiru puntu eskuratzeko. Izan be, sailkapeneko azken aurrekoaren atera partidu osoan behin bakarrik jaurtita oso gatxa da hiru puntuak eskuratzea. Ganera, zuri-gorriek hiru puntu baino ez dabez lortu liga txapelketako azken hiru jardunaldietan, bardindu bakarrik egin dabe-eta Mallorca, Betis eta Valladoliden aurkako partiduetan.
Atsedenaldia ondo baino hobeto etorriko jako talde zuri-gorriari ikututa dagozan jokalariei errekuperatzeko astia emoteko. Izan be, gaur egun Oihan Sancet, Iñañi Williams eta Alex Berenguer oso jokalari garrantzitsuak dira Ernesto Valverderen taldean. Hurrengo norgehiagoka ezin erakargarriagoa da: Realaren aurkako derbia San Mamesen.