Etenaldi baten osteko lehen partidua arriskutsua izaten da beti. Izan be, hamabost egunetan lehiatu barik egon ostean, gatxa izaten da jakitea zelan erantzungo dauen zure taldeak bedartzara itzultzen danean. Espanyolek, adibidez, denporaldiko partidurik txarrena jokatu eban domekan San Mamesen, aurretik etxetik kanpo jokatutakoetan –Bernabeu, Benito Villamarinen edo Metropolitanon– maila ona emon ostean. Gironan garaipena eskuratzeko aukera bikaina galtzetik etorren Ernesto Valverderen taldea. Edozelan be, zuri-gorriek joko bikaina egin eben azken partiduaren lehenengo zatian eta Espanyolen aurkako norgehiagokarako sentsazinoak positiboak ziran.
Espanyolen denporaldiko partidurik txarrena eta Athleticen erakustaldia eskutik lotuta etorri dira. Partiduaren hasieratik Ernesto Valverderen taldea nagusi izan zan bedartzan. Ganera, zuri-gorriek sekulako eraginkortasuna erakutsi eben aurkariaren ate aurrean. Alex Berenguerren lana erabakigarria izan zan Athleticen erasoan. Izan be, nafarrak emon eutsazan azken paseak Iñaki Williamsi bigarren eta hirugarren goletako jokaldietan eta berak sartu eban laugarrena. Gol guztiek balio berbera badaukie be, Williams anai zaharrak sartutako gol biak –lehenengoa batez be, kontrol bideratu itzela egin ostean– eta Berenguerrena ikusgarriak izan ziran.
Athletic zaleoi 24-25 denporaldirako hamaikakoa egitea eskatu ezkero, inor gitxik sartuko eban Alex Berenguer aukeratuen artean, bere aurretik Williams anaiak dituelako hegaletan. Ligako hamar partidu jokatuta –txapelketaren laurena baino gehiago–, ostera, jokalari nafarra laugarren postuan dago minutu gehien jokatu daben jokalarien sailkapenean, Iñaki Williams, Vivian eta Guruzetaren atzetik bakarrik. Ganera, bera da gol asistentzia gehien emon dauzena, lau. Sancet lesionaturik egoalako jokatu eban Espanyolen aurka. Ganera, ez eban jokatu bera ohituta dagoan lekuan, hegalean, aurrelariaren atzetik baino, barrutik. Domekako partidura arte, Valverdek Unai Gomezen aldeko apostua egiten eban Sancet lesionaturik egoanean. Espanyolen aurka, ostera, Berenguer ipini eban Guruzetaren atzetik eta frogearen emaitzea ezin hobea izan da taldearen erasoko jokoa bikaina izan zan-eta. Valverdek badaki Berenguerrek errendimendu bikaina emon leikela hiruko lerroko toki guztietan, hegalean zein barrutik.
Beste jokalari bi nabarmendu gureko neukez. Mikel Jauregizar eta Dani Vivian. Atzelari arabarra inoiz baino hobeto dago. Gainditu ezina da atzealdean eta gero eta hobeto dabil baloia jokatuta atarateko orduan. Erdilari bermeotarrari jagokonez, musturra sartu dau hasierako hamaikakoan Iñigo Ruiz de Galarretaren bikote lez zelai erdian, beste taldekide batzuren aurretik. Hogei urte bakarrik euki arren, sekulako heldutasuna erakusten dau bedartzan eta galoiak hartzen hasi da. Valverdek bere aldeko apostu garbia berretsi dau eta mutilaren erantzuna bikaina izaten dabil.
Athletic honek ilusino handia sortu dau zaleen artean, edozein aurkariri aurre egiteko gauza dala erakutsi dauelako. Ia 47.000 zale batu ziran katedralean Espanyolen aurka, partidua zapatu baten eta eguerdiko ordubietan jokatu arren. Zaleek ez dabe galdu gura Athleticen jokoaz gozatzeko aukerea. Hurrengoa, datorren eguenean izango da orain arte indartsu agertu dan Pragako Slaviaren aurka.