Banako bardinketeagaz amaitu dira Athleticek jokatu dituen azken partidu biak. Norgehiagoka bietan puntu bana lortu arren, itxitako zaporea erabat ezbardina izan da. Erroman, bigarren zatian egindako lanak saria jaso eban Paredesek partiduaren ondarrean sartutako golagaz. Domekan, ostera, puntu bat irabazi baino bi galdu izanaren sentsazinoagaz urten genduan Katedraletik. Beste era batera esanda, Athleticek puntu bi oparitu eutsozan Sevillari, zortzigarren jardunaldiko partiduan. Zuri-gorrien eskuzabaltasunaren bigarren erakustaldia izan zan domekakoa, laugarren jardunaldian be, Valverderen taldeak garaipena oparitu eutsolako Atletico de Madridi. Athleticeko entrena-tzaileak ez deutso inori guru-tzea ipini gura izan bizkarrean, Sevillaren aurkako partiduaren azken minutuetan gertatutakoa jokoaren barruan dagoala nabarmenduz. Errudunak bilatzea ez da lagungarria izaten baina esan beharra dago zuri-gorriek huts egite larriak egin dabezala aitaturiko partidu bietan puntu garrantzitsuak oparituz. Ganera, Agirrezabalak txartel gorria ikusi eta hamar jokalarigaz geratu ostean, Valverderen taldeak iparra galdu eban zoritxarreko azken hamar minutu horreetan. Honeri guztiari buelta bat emon behar jako.
Ukaezina da, Athletic-Sevilla partiduaren ganeko balorazinoa bestelakoa izango zala zuri-gorriak 1-0ekoari eusteko gauza izan balira. Azken emaitzak goitik behera baldintzatzen dau edozein norgehiagokaren ganeko analisia. Are gehiago, garaipenak hiru puntuko balioa daukanetik.
Partidu bi geratzen jakoz Athletici denporaldiko lehenengo maratoia amaitzeko –AZ Alkmaarren aurka San Mamesen datorren eguenean eta Gironaren zelaian domekan– eta orain arte egin eta lortutakoaren balorazinoa positiboa izan behar da. Bost partidu jokatu ditu Valverderen taldeak Atletico de Madriden aurka abuztuaren azken egunean galdu ebanetik, hiru garaipen eta bardinketa bi lortuta. Zuri-gorriak sailkapeneko laugarren postuan dagoz zortzi jardunaldi jokatu ostean, eta ondo baino hobeto ekin deutsoe Europako Ligeari.
Valverdek plantilako jokalari gehienak erabili ditu eta ia guztien errendimendua ona izan da. Zoritxarrez, Valverderen taldeak bidesaria be ordaindu dau, Yeray, Nico Williams, Sancet, Prados eta Herrera lesionatu egin dira-eta. Azken orduetan ondo merezitako protagonismoa jaso dau Mikel Jauregizar Albonigak. Hogei urte baino ez daukaz. Aurreko denporaldiaren hasieran, ez egoan argi Bilbao Athleticen geratuko zan ala Basconiara jaitsiko eben. Erdilari bermeotarrak jauzi handiak emon dauz azken hilabeteetan. Urte bete be ez daroa lehen taldean eta lekutxoa lortu dau hasierako hamaikakoan. Valverdek argi eta garbi esan eban domekan Jauregizarrek asko emon behar deutsala taldeari aurten. Lehenengo gola sartzeaz ganera, lan bikaina egin eban Sevillaren aurkako partiduan –sortzeko zein aurkariaren jokoa hausteko orduan– Valentziaren kontra hasi eban bideari jarraituta. Burua ondo jarrita dauka eta entrenatzaileak esan dauen legez, asko emongo deutso talde zuri-gorriari.
Athletic zaleontzat oso pozgarria da beti harrobitik datorren neska edo mutil batek lehen taldean jokatzea estrainekoz. Jokalari asko igaroten dira Lezamatik baina gitxi batzuk baino ez dira heltzen. Peio Canales Urtasun, Barrikako semeak, hemeretzi urte baino ez daukaz eta etorkizun oparoa futbolean. Lezamako harribitxietako bat da. Desiatzen nago eguenean San Mamesen egongo dan giro ederraz gotzatzeko. Sei urtekoa tarte handiegia da Europa dastatu barik egoteko. l